2012an, zuri-beltzean errodatuta egoteaz gain, mutua den pelikula bat estreinatzeak esperimentu hitza burura ekarri behar digu, bai ala bai. Hau honela, Michel Hazanavicius zuzendari frantziarrak bete-betean asmatu duela esan behar da. Baieztapen honen lekukoa zera duzue: zine-aretotik irteten zarenean, normaltasunetik aldentzen den zerbait ikusi duzulako sentsasiorik ez duzula, inondik inora! Are gehiago, sartu aurretik baino zoriontsuago ateratzen da zinta hau ikustetik, egungo garaietan, gauzak dauden moduan egonik, kontu handia dena, bai jauna!
George Valentin (Jean Dujardin) zine mutuak duen izar handienetakoa da. Bere ibilbide profesionala, ordea, mehatxatuko du iristear dagoen zinema soinudunak. Bestalde, Peppy Miller (Bérénice Bejo), Valentinen ondoan estra gisa hasi zena, asmakizun berriaren etorrerari esker izar handi bilakatuko da. Pertsonaien bizitzen gorobeheren lekuko izango gara zinta eder honen bilakaeran zehar.
Egun arte pelikula gutxi, lau zehazki esanda, burututa dituen Michel Hazanavicius zuzendari, antzezle eta gidoilari frantziarra dugu lan bitxi bezain gomendagarri honen erantzule nagusia. Pantaila erraldoirako aipatutako lanez gain, telebistarako ere jardun egin da, bi telefilme errodatuz. Orain arteko bere ibilbidea ez da izan, ez horixe, nabarmentzeko modukoa, ez behintzat Frantziatik at. Ez da gauza bera gertatuko lan honen ostean, aitorpenak eta sariak planeta osoan zehar lortzen ari baita. Izendapen eta premio andana eskuratu ditu zinemagile frantziarrak zinemaldi eta sari sonatuenetan eta, gainera, kasu guztietan sariok irabazteko faboritoen artean egon da beti.
Pelikula bat ez da ezer atal askotan kalitatezko lehengaiak ez baditu. Atal horietako garrantzitzuenetakoa dugu, inolako ezbairik gabe, interpretazioarena. Bada, kasu honetan, ezin ukatu lan honen erantzuleek aktore ezin egokiagoak topatu dituztela. Bai Jean Dujardinek, bai Bérénice Bejok, karakterizazioek eskatzen dituzten sinesgarritasun, erritmo eta espresibitatea ematen dituzte, primeran gainera! Bata zein bestea elkarren osagarri dira eta, era honetako lan berezi batek jartzen dituen zailtasunak kontuan izanik, helarazten batere erraza ez diren sentimenduak argiro igortzen dizkiote ikusle txudituari. Ez da harritzekoa, ezta hurrik eman ere!, aurtengo sari gehienetan biak izendatuen artean agertzea. A! Ea ahaztu egin dut! Ez da komenigarria ahanztea zinta honetan John Goodman handia ere aritzen dela, jakina!
Hasieran nioen moduan, lan hau esperimentu baten eran ulertu behar da. Ez hori bakarrik, esperimentu arrakastatsu baten gisan, ere bai. Hau honela, zera esan behar dut: denok dakigu, ederto jakin ere, Hollywooden menta duen guztia kopiatu egiten dela. Bada, espero dut hemendik aurrera munduko pantaila erraldoi guztietan tankera honetako pelikulak ikusi behar ez izatea. Izan ere, era puntual batean Hazanaviciusek planteatzen duena ikustea ondo dago, baina erabat gaindituta dagoen zerbait ohitura, berriro ere, bilakatzea soberan dagoela iruditzen zait.