The Descendants

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2012ko ots. 16a, 07:00

Pelikula zinez berezia dugu The Descendants” (2011) hau. Alexander Payne zuzendari estatu batuarraren azken lan honetan, nire uste apalean oso zaila den zerbait gauzatzen da: egitan dramatikoa den egoera batean kokatzen den kontakizunaren tonu atsegina lortzea, alegia. Izan ere, ilunago nekez irudika daitekeen istorio baten barruan ez dira gutxi irribarretxoren bat eragiten duten uneak, eskertzekoa dena noski.

 

Pelikula zinez berezia dugu The Descendants” (2011) hau. Alexander Payne zuzendari estatu batuarraren azken lan honetan, nire uste apalean oso zaila den zerbait gauzatzen da: egitan dramatikoa den egoera batean kokatzen den kontakizunaren tonu atsegina lortzea, alegia. Izan ere, ilunago nekez irudika daitekeen istorio baten barruan ez dira gutxi irribarretxoren bat eragiten duten uneak, eskertzekoa dena noski.

 

Matt King (George Clooney) bolada txar batean murgilduta dago. Bere emaztea, istripu larri baten ondorioz, koma egoeran dago, dituen bi alabekin ondo moldatzea ez da berarentzako lan erraza izango eta, gainera, familiaren lur-eremuekin zer egin behar duen erabaki beharko du, lehengusu guztien presioa etengabe sentituz, jakina!, lur-zati horien balioa ahuntzaren gauerdiko estula ez baita.

 

Alexander Payne, lan honen zuzendari eta, beste batzuen artean bada ere, gidoilaria, Nebraskan jaiotako zinemagilea dugu. Bere ibilbide artistikoa, oso luzea ez den arren, nabarmentzeko modukoa bada. Bost lan ditu borobilduta egun arte, zeintzuen artean hiru Oscar sarietako festara iritsi dira,  “Election” (1999), “Sideways” (2004) eta “The Descendants” (2011). 2004ko ekitaldian gainera, egokitutako gidoirik onenari dagokion saria irabazi egin zuen. Aurtengo edizioa oraindik ez da ospatu, baina zenbait izendapen baditu eta euren artean garrantzitsuenak daude, hots, pelikula, zuzendari eta gidoia. Ez dugu ahaztu behar bestalde, zinta honetan egindako lan txukunari esker, George Clooney saria irabazteko faboritoen artean agertzen zaigula kiniela gehienetan. Aukera handiak ditu, hortaz, premioren batekin etxeratzeko Payne jaunak.

 

Pelikula honetan, karakterizazioei dagokienean behintzat, badago izar bat eta hori, inongo zalantzarik gabe, George Clooney da. Ondo baino hobeto ematen du bere rolak eskatzen dion sentimendu-nahasketa piloa: mina, sufrimendua, eustea, nahasmena... eta, hori guztia, inolako gehiegikeritan erori gabe, antzezpen neurrikoa bezain eraginkorra burutuz, txapela kentzeko modukoa. Esan bezala, zinta Clooney da gehienbat, baina oso ondo lagunduta dago agerpen motzak baina egokiak dituzten zenbait bigarren mailako aktoreekin. Izan ere, bai Beau Bridgesek, bai Robert Forsterrek lan zinez ederrak borobiltzen baitituzte.

 

Orain arte ez dut inoiz honelakorik egin, baina gauza guztietarako beti egon behar da lehen aldi bat, ez al duzue uste? Izan ere, gomendio baten barruan beste gomendio bat ere egin nahiko bainuke. “The Descendants” (2011) hau ikusteko moduko filmea da, zertan esanik ez, baina ez da gutxiago, ezta hurrik eman ere!, Alexander Payneren beste pelikula bat: “Sideways” (2004), hau da “Entre Copas”. Sinistuidazue, ez baduzue azken lan hau ikusita, egiezue mesede bat zeuen buruei eta ikusi. Ez zaizue damutuko!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide