Pelikularen izenburua adituta, protagonistaren izena irakurrita, kartela ikusita... zine-aretora sartzean espero duzuna ez da, ezta hurrik eman ere!, pantaila erraldoiak emango dizuna. Egia da, lan honen inguruan dagoeneko asko hitz egin, luze idatzi eta iruzkin positibo sano entzun direla, hau ukaezina da mometuz denboraldiko ezustearen aurrean gaudelako; baina, hala eta guztiz ere, ikuslea lekuz kanpo uzten duen filmea dugu “Drive” (2011) hau, zorionez gainera!
Egunean zehar, tailer batean lan egiteaz gain, geure protagonista (Ryan Gosling) hainbat pelikuletako sekuentzia arriskutsuetan gidari gisa aritzen da. Zenbait gautan, ordea, gaizkileentzako txofer-lanetan jarduten da. Bere nagusia den Shannon (Brian Cranston) hala zuzendariak nola gaizkileak topatzeaz arduratzen da, lan horren ordainean bere komisioa jasoz, jakina. Hau dena aldatuko da, zintaren rol nagusia betetzen duen Goslingek Irene (Carey Mulligan) auzokide ederra ezagutzen duenean. Irenek seme txiki bat izateaz gain, gartzelatik irtetekotan dagoen senarra ere badu. Hau guztia, hala ere, ez da oztopoa izango elkarrekin maitemindu eta dena hankaz gora jartzeko.
Ezuste ederra den lan honen erantzulea Nicolas Winding Refn da. Izen zinez aldrebesa duen zuzendari daniar honek baditu dagoeneko zenbait filme burutuak. Profesional ibiltaria da oso eta, bere jaoiterrian ezezik, beste zenbait herritan ere errodatu egin du, hala nola, Britainia Handian, Estatu Batuetan edo Frantzian. Bere filmografian “Pusher” izeneko trilogia bat nabarmendu daiteke. Bestalde, oraingoz bere azken zinta den “Drive” (2011) honekin izendapen zein sari andana ari da lortzen sona handiko zinemaldi zein sarietan, besteak beste: Cannes, BAFTA, Urrezko Globo, Independent Spirit Awards...
Ez dira gutxi ez, zinta honek eskeintzen dizkigun ustekabeak, den-denak poztekoak, bestalde. Nire ustetan, ezusterik handiena Ryan Goslingen karakterizazioa da. Ez nuen inolaz ere berarengandik horren antzezpen neurtua espero izango. Bestalde, gainerako antzezleen jardunak ere txalotzekoak dira, inongo zalantzarik gabe. Bai Carey Mulligan, bai Albert Brooks, bai Brian Cranston ederto baino hobeto aritzen dira. Izan ere, zinta honen atalen artean indartsuenetakoa karakterizazioarena baita; hori bai, neuk behintzat gozatu ederra hartu nuen Ron Perlman bezalako aktore handia disfrutatzen ikustean. Gozoki ederra da eskeini dioten rola eta, zertan esanik ez, berak ahal izan duen zuku guztia atera dio.
Amaitzeko, zera adierazi nahiko nuke: berben ordez mugimendua erabiliz, hitz gutxitan mezu sakona helarazten duen pelikula baten aurrean gaudela, hots, zinearen magia gordetzen duen filmea duzuela zinez merezi duen Nicolas Winding Refnen proposamen hau.