Oso gustuko izan dut betidanik Argentinan burutzen den zinea. Asko eta asko izan dira gozatu ederra eman didaten ozeanoaren beste aldean zerturiko lan ederrak. Ez naiz aipatzen hasiko, zeren eta garrantzi handiko bateren bat nabarmendu gabe utziko bainuen, eta ez zen batere justua izango. Oraingo honetan, hantxe borobildutako pelikula bat gomendatzen natorkizue: Mariano Cohn eta Gastón Duprat zuzendari argentiniarrek asmatu duten tramankulu gaizto hau: “El Hombre De Al Lado” (2009) delakoa.
Leonardo (Rafael Spregelburd) eta Víctor (Daniel Aráoz) auzokide bi dira. Zaila da irudikatzea zerikusi gutxiagorik duten gizaki bi. Leonardosofistikatu, dirudun, adimen eta onarpen handiko arkitektoa den bitartean, Víctor zakarra izateaz gain, langile eta gizaseme xumea da. Izaera guztiz bestelakoa ere badute, Leonardo harro samarra bada, Víctorrek, ordea, bere itxurazko basatikeriaren azpian, bihotz jator bat izkutatzen du. Zertan esanik ez, horren desberdinak diren auzokideen artean, lehenago edo beranduago, gatazkaren bat sortu behar da. Eta hala gertatuko da Víctorrek bere etxe apalean Leonardoren etxe dotorearen aurrean leihotxo bat zabaltzea erabakitzen duenean. Hortik aurrrakoa gozatzeko moduko zinea duzue.
Erloju-bonba bat den zeluloide puska honen erantzuleak, gorago aitatu dudan moduan, Mariano Cohn eta Gastón Duprat dituzue. Ez dira asko, zinemagile argentiniar pare honek zertu dituen lanak. Izan ere, egun arte, zinta hau kenduta, beste bi filme eta dokumental bat besterik ez baitute. Pelikula hau Sundance izeneko zinemaldi entzutetzuan, sari bat irabazitakoa da, argazki onenari dagokiona hain justu. Goya sarietan ere, hispanoamerikako pelikularik onena saritzen duen arloan, izendapena erdietsi zuen.
Lan guztiz gomendagarria bada ere, bere arloren bat azpimarratu behar izanez gero, hori interpretazioarena da, inolako zalantzarik gabe. RafaelSpregelburd eta Daniel Aráozek eusten diote pelikula osoari, ederto eutsita gainera. Antzezle erraldoi hauen karakterizazioak denbora luzez oroimenean gordetzeko modukoak dira, darien sinesgarritasunagatik.
Amaitzeko, pelikula ireki eta ixten duten planoez hitz bi idaztea gustatuko litzaidake. Izan ere, plono bi horiek ibilbide borobil eder bat osatzen baitute, dotorezi handiz bestalde.