Breakfast At Tiffany´s- Desayuno Con Diamantes

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2012ko urt. 5a, 07:00

Dagoeneko, eta ez da hauxe kontu berri bat ez horixe!, ez da era honetako pelikularik egiten. Ez onerako, ez txarrerako. Egun burutzen diren komedia erromantikoak, salbuespenak salbu, ez dira kalitatekoak izaten. Bestalde, onartu behar da, gaurko ikuspegitik aztertuta, zinta klasikoetan gertatzen diren zenbait gauza erabat lekuz kanpo daude.

Dagoeneko, eta ez da hauxe kontu berri bat ez horixe!, ez da era honetako pelikularik egiten. Ez onerako, ez txarrerako. Egun burutzen diren komedia erromantikoak, salbuespenak salbu, ez dira kalitatekoak izaten. Bestalde, onartu behar da, gaurko ikuspegitik aztertuta, zinta klasikoetan gertatzen diren zenbait gauza erabat lekuz kanpo daude. Hala eta guztiz ere, nire uste apalean behintzat, noizbehinka klasikoren bat bisitatzea oso ariketa osasuntsua izan daiteke. Eta, zertan esanik ez, hau bezalako zeluloide puska bat ikusteko bada, are gehiago!

 

Holly (Audrey Hepburn), itxuraz behintzat, neska nahiko txoriburua da. Zenbait ohitura berezi ditu, Tiffany izeneko luxuzko bitxidenda aurrean gosaltzea, esate baterako. Halako batean, bere atarira maizter berri bat iritsiko da, Paul Varjak (George Peppard). Paul idazlea da eta, sekula heltzen ez den arrakastaren zain dagoen bitartean, emakume heldu baten kontura bizi da. Abiapuntu gisa ez da makala!

 

Bi Oscar sari jaso zuen zinta honen erantzule nagusia Blake Edwards da. Sarietako bat, esan gabe doa, kantarik onenari zegokiona izan zen, “Moonriver” abesti izugarriari esker. Honetaz aparte, irabazitako beste premioa musikala ez izanda, soinu banda onenari egokitutakoa izan zen. Ezin esan, halere, lan honen uzta oparoa izan zenik. Izan ere, pelikulak beste bost izendapen ere bazituelako. 2010ean zendu zen zuzendari amerikarrak ibilbide profesional luze eta emankorra izan zuen. Sona handia eskuratu zuen burututako komediekin, nahiz eta lortutako emaitza artistikoak inoiz ez diren iritsi lan honekin erdietsitako mailara. Ezin ukatu, baina, bere zenbait zinta sano ezagunak direnik, “La Pantera Rosa” (1964), “El Gauteque” (1968) edota “Victor o Victoria” (1982) besteak beste.

 

Esan dudan bezala, komedia erromantiko baten aurrean gaude. Bada, era honetako lan batean aktoreen lana eta, hortaz, euren kalitatea, funtsezkoak dira. Edwards jaunak filme honetarako era guztietako profesionalak bildu zituen. Audrey Hepburn bezalako antzezle handi baten betebehar egokiaren inguruan zalantza gutxi egon daitezke. George Pepparden jarduna, ordea, agian kolokan jar daiteke. Nire ustez ez dago txarto, baina egia da, apika, gatz eta piper apur bat falta duela argudia daitekeela. Bukatzeko, nire uste apalean behintzat, pelikula eder honek badu ahulezi nabari bat: Mickey Rooneyren lanaz ari naiz, guztiz irtenda ikusten dut aktore ezagun hau, betere egokia ez duen rolean gainera.

 

Amaitzeko, filmea ixten duen sekuentziaren gainean hausnarketa txiki bat egitea gustatuko litzaidake. Nik uste zinea zer den ederto azaltzen duela. Alde batetik, garaiko efektu berezien ezegonkortasuna erabat nabaria da, euria guztiz neurriz kanpokoa da, aktoreen buztidurari buruz hobe mintzatzen ez bagara... baina, hala eta guztiz ere, egoerari darion hunkiberatasuna horren da handia, ezen hori guztia guztiz erreal bilakatzen baitzaigu pantaila erraldoian. Zinea, jaun-andreok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide