Calabuch

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko abe. 22a, 07:00

Hauxe oso pelikula interesgarria duzue. Eta baieztapen hau argudiatzeko badira zenbait zio. Euren artean, akaso garrantzitsuena, ondorengo hau dago: zinta amaituta, zer pentsatua ematen duen lana denez gero, oraindik ere ikusi berri duzunaren gainean hausnartzen segituko duzu. Ez da, hortaz, amaitu eta berehala ahazten den horietako filmea.

Hauxe oso pelikula interesgarria duzue. Eta baieztapen hau argudiatzeko badira zenbait zio. Euren artean, akaso garrantzitsuena, ondorengo hau dago: zinta amaituta, zer pentsatua ematen duen lana denez gero, oraindik ere ikusi berri duzunaren gainean hausnartzen segituko duzu. Ez da, hortaz, amaitu eta berehala ahazten den horietako filmea. Ez dira gutxi Luis García Berlangak, zinemagile valentziarrak, planteatzen dituen gaiak. Bada bat, ordea, bereziki ederra iruditzen zaidana: lan honen protagonista den Hamilton doktoreak pasarte batean burutzen duen gogoeta batez ari naiz. Bere esanetan, horren iheskorra den zoriontasuna inongo disimulo barik norbera izaten saiatzean datza. Sinple bezain sakona!

 

Aipatutako doktorea zientzialari sineskorra dugu, lehergaikuak onuragarriak izan daitezkeela pentsatzen duen horietako bat, alegia. Erabat erratuta dagoela egiaztatzen duenean, hanka egitea erabakiko du, hori bai, berarekin batera asmakizun eta sekretu guztiak eramanez. Hori dela eta, munduko pertsona bilatuenetako bilakatuko da. Bere ihesean, Calabuch izeneko kostaldeko herri txiki bezain zoragarrian amaituko da. Herriko biztanleak umore eta adiskidetasuna bezalako baloreen jabeak dira, oraindik. Hamiltonek herrian geratu nahi izango du, hala ere...

 

Ez da lehenengo aldia Berlangaren pelikula bat gomendatzen dudana, beraz, bere nortasuna zein lanen inguruan mintzatzu izan gara dagoeneko. Lan honi dagokionean, zera esan daiteke: 1956an Veneziako zinemaldian sari bat erdietsi zuela. Esanda dagoen moduan, Valentziako zuzendaria izen handiko zinemagilea da, inongo duda barik eta, era honeko datu batek baieztatze hau berresten du. Bere lan guztietan gertatzen den moduan, nahiko ezohiko den egoera bat probesten du gizarte baten inguruko azterketa kritiko eta sakona egiteko.

 

Italiarekin batera egindako ekoizpena da zinta hau. Hori dela eta, aktorren zerrendan badira hainbat izen italiar. Ez da hau, baina, protagonistaren kasua. Edmund Gwenn Britainia Handiko antzezle nahiko ezezagun bat dugu, nahiz eta bigarren mailako aktorerik onenari dagokion Oscar saria irabazitakoa dugun, “De Ilusión También Se Vive” (1947) izeneko zintan Santa Claus delakoaren rola betetzeagatik. Bestalde, zenbait estatuko aktore ezagunekin batera, Valentina Cortese edo Franco Fabrizi antzezle italiarrak aritzen dira. Euren karakterizazio borobilez gozatzeko aukera ematen digu filme honek.

 

Bukatzeko, oraintxe bertan burura etorri zaidan hausnarketa bat zuokin partekatu nahiko nuke. Zinta atsegin hau amaitu eta batera, ikuslea sentsazio gozagarri batekin geratzen da: tolesgabetasunak ere, herriko biztanleena begibistakoa da, badu bere xarma. Eskerrak hala den!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide