Lo Zauden Bitartean- Mientras Duermes

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko aza. 24a, 07:00

Beti ere uste pertsonala besterik ez dela kontuan izanda, hausnarketatxo baten berri eman nahi dut. Hauxe duzue: Ez dago ezer beldurgarriagorik azalpenik ez duena baino. Izan ere, esplikatu ezin daitekeen gaizkiari ezin aurre egin eta horretan datza, hain zuzen ere, egiazko izua sortzeko bere gaitasuna. Pelikula honen pertsonaia nagusia gaiztoa da oso, erabat arrunta dela dirudien arren.

Beti ere uste pertsonala besterik ez dela kontuan izanda, hausnarketatxo baten berri eman nahi dut. Hauxe duzue: Ez dago ezer beldurgarriagorik azalpenik ez duena baino. Izan ere, esplikatu ezin daitekeen gaizkiari ezin aurre egin eta horretan datza, hain zuzen ere, egiazko izua sortzeko bere gaitasuna. Pelikula honen pertsonaia nagusia gaiztoa da oso, erabat arrunta dela dirudien arren. Bere okerkeriaren iturburua gainera, zinez aldrebesa da, zeren eta bera zoriontsua izateko gainerako guztiak zorigaiztokoak izatea behar baitu, alajaina!

 

César (Luis Tosar) apartamentuak dituen eraikin bateko atezaina da. Oso gustuko du bere lana. Izan ere, berari esker, maizter guztien sekretu, mugimendu, ohitura, ahulezi..., hau da, dena ezagutzeko parada baitu. Are gehiago, nahi izango balu, euren bizitzak kontrolpean edukiko lituzke, zeinak jainko baten moduan sentiarazi duen. Esan bezala, Césarrek sekretutxo bat du: bere inguruan dagoen jendea sufritzen ikustea gustatzen zaiola, alegia. Eta 5. B-ko errentari berriak irribarrez agurtzen du egunero, aldatu beharreko kontua dena, noski!

 

Lan honen erantzule nagusia Jaume Balagueró da. Lleidako zinemagilea beldurrezko pelikulak burutzen aditua da. Nahiko ezagunak dira orain arte zertu dituen lanak, baina, inolako zalantzarik gabe, guztietan sonatuena Paco Plaza zinemagile valentziarrarekin batera borobildu zuen “[REC]” (2007) luzemetraia interesgarria dugu. Bestalde, bere ohiko bidetik aldentzen delako, 2002an zuzendu zuen “OT- La Película” izeneko dokumentala aipa daiteke. Hori bai, lan honek eman zituen fruituak kontuan izanda, batek baino gehiagok, euren artean nik neuk, benetako beldurrezko lana izan zela pentsatuko du. Kataluniako zinemagilearenak ere baditugu, besteak beste, ondorengo filmeak: “Los Sin Nombre” (1999), “Darkness” (2002), edota “Frágiles” (2005).

 

Azken aldi honetan, gomendatzen ditudan lan guztietan aktoreen lana nabarmentzen dut. Gehienetan, hori egia da, goraipatzeko asmotan, beste zenbaitetan, ordea, erabat bestelakoak diren arrazoiengatik. Oraingo honetan, Tosarren karakterizazioa goiestea dagokit. Lugoko aktorearen ibilbidea nahiko luze eta oparoa izan da dituen indarguneekin ohartzeko, baina, oraingoan, lan izugarri zaila burutu behar izan du. Izan ere, saritu, onartu eta alabatua izan den lan bat duela gutxi borobildua zuen, “Celda 211” (2009) zintan burutu zuen lanaz ari naiz, eta halakoetan jendearen eskaera-maila, baita norberarena ere pentsatzen dut, altuegia izaten da. Bada, betiko moduan beste alde batetik, aktore galiziarra onik atera da erronka zail honetatik.

 

Pelikula honetan badago, halere, oso bitxia den pertsonaia bat: eraikin bera hain zuzen ere. Nahiko pelikula klaustrofobiko baten aurrean gaude, eraikuntza baten barruan gertatzen dena. Ez da batere erraza suertatzen halako leku estuetan kamera mugitzea, zuzendariaren alde hitz egiten duena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide