Ez da batere arrunta inguru hauetan burutzen den zinean era honetako lan bat ikustea. Zine beltz-beltza dugu hau, erabat klasikoa gainera! Atseden bakar bat ere ematen ez duen horietako zinta da Urbizuren azken filme handi hau. Itogarria, zikina, lazgarria, ezin ilunagoa, larderiatsua... Egiazta dezakezuenez, kalifikatzaile ezkor eta goibelak dira erabili ditudan guztiak, bere eran ederra den pelikula hau den modukoak.
Kontatzen diguten istorio gordina mende honen hasieran, Madriden, gertatzen da. Gau batean, Santos Trinidad (José Coronado) inspektorea, guztiz horditurik dagoela, erailketa hirukoitza baten protagonista bilakatuko da. Inongo arrastorik agerian ez uzten ahaleginduko da, baina lekuko batek ihes egingo du, dena azalaratzeko arriskua airean utziz. Hau dela eta, bere kabuz noski, lekukoa identifikatu eta eliminatzeko helburua duen ikerketa bat abiaraziko du inspektore beterakoak. Aldi berean, Chacón (Helena Miguel) epailea erailketa argitzen saiatuko da, Santosengandik gero eta hurbilago egonik. Kasu honen ikerkuntzak aurrera egin ahala, ordea, hala Santosek nola Chacónek, nork bere aldetik jakina, uste baino handiagoa den zerbaiten aurrean daudela egiaztatuko dute.
Bizi garen zonaldean ez da batere ohikoa Enrique Urbizu bezalako zinemagileak topatzea. Bilboko zinemagile honek hirutan egin du lan José Coronado aktore madrildarrarekin, oso emaitza onak lortuz gainera. Honela, “La Caja 507” (2002), “La Vida Mancha” (2003) edo gomendatzen nabilen lan hau gomendagarri bezian interesgarriak dituzue, batez ere guztiz desberdinak direlako. Urbizu oso da trebea ikuslearen arreta bereganatzen eta zintaren bukaera arte aditasun horri eusten, zinean ezinbestekoa dena.
Lana neurrikoa den arren, ikustea merezi du, benetan!, ezin filme honi buruz idatzi José Coronadoren jarduna goraipatu barik. Pelikula ikusi ondoren, ez dago paper hau gorpuzteko beste inor irudikatzerik. Seguruenik, Urbizu eta Gaztambidek gidoia idatzi zutenean Coronado izango zuten buruan, baina, hala eta guztiz ere, lana burutzean fin ibili behar da eta... asmatu egin dute, bete-betean gainera! Coronadok ere, bere aldetik, ekarpen baliotsuak egin ditu: sinesgarritasuna, presentzia, harrokeria, gizatasuna... hori eta gehiago igortzen egundoko trebezia erakutsi egin du eta.
Amaitzeko, bada, nire uste apalean behintzat, zinta honek duen beste indargune bat aipatu gabe utzi nahiko ez nukeena. Bukaerako planoez ari naiz. Indar izugarria dute eta zer pentsatu ederra ematen dute. Beldurrezko pelikula askotan ez dute horrenbeste izu helarazten lortzen, ezta hurrik eman ere!