Argi utzita nire iritzia ematen ari naizela, ez beste ezer, zera adierazi nahiko nuke: Bere proiektu guztietan Pedro Almodovarrek ederto ondo pentsatutariko ideiak garatzen dituela. Beste kontu bat da, ideia horiek ikuslegoarentzat interes handikoak diren ala ez. Kasu zehatz batzuk kenduta, are gehiago bakarra dela esatera ausartuko nintzateke, nire kasuan ideia horiek guztiak beti interesgarriak iruditu zaizkit. “La Piel Que Habito” (2011) bere azken lan hau ez da sabuespen bat, ez horixe! Larruazalaren inguruko planteatzen dituen ideia kontrajarriek zer pentsatua ematen dutela iruditzen zait. Izan ere, larruazala munduaerekiko dugun muga bada ere, berarekin harremantzeko bidea ere badugu eta, zer nahi duzue esatea, tontakeria bat irudituko zaizue akaso, baina buelta batzuk merezi dituen kontzeptua delakoan nago.
Bere emaztea auto-istripu batean zendu zenetik, Robert Ledgardek (Antonio Banderas), sona handiko zirujau-plastikoak, urteak eta urteak eskeini dizkio larruazal berri bat sortzeko proiektu pertsonal baten ikerkuntzari. Larruazal horri esker, dituen ezaugarri izugarriak direla medio (izan ere, sentitzea baimentzen duen arren, ikaragarrizko erresistentzia omen dauka) bere emaztea salbatzeko aukera izango zuen. Azkenean, bere ikerkuntza-lanek euren fruitua eman omen dute. Hori bai, hala dela egiaztatzeko giza-akuri bat beharko du...
Almodovarren inguruan ez dago gauza handirik esateko, ez behintzat dagoeneko jakina ez dena. Mundu mailan ospe handiko zinemagilea dugu eta, duda barik, berezko hizketaldi zinematografikoa duen zuzendaria da, gutxi ez dena! Duen nortasunari eutsiz, heltzen jakin izan du. Hasiera batean gehiegikeria zena, egun ondo antolatutako mintzaira dugu. Asko dira bere ibilbide profesionalean azpimarra daitezkeen lanak, baina, zenbait baino ez aipatzeagatik, honako hauek dituzue, nire iritziz jakina, Ciudad Realeko egilearen lanik esanguratsuenak: “¿Qué he hecho yo para merecer esto? (1984), “La ley del deseo” (1987), “Mujeres al borde de un ataque de nervios” (1988), “Todo sobre mi madre” (1999) edota “Hable con ella” (2002). Calzada de Calatravan jaio zen zuzendariak sari asko eta izen handikoak irabazita ditu, euren artean hainbatOscar, Urrezko Globo eta BAFTA sari. Zerbaitengatik izango da, ez al duzue uste?
Almodovarren ibilbide profesionalean beti egon da lan desberdinen gainean erangin handia izan duen emakumezko aktoreren bat. Oraingo honetan ezin salbuespenik egin. Izan ere, Elena Anaya dugu pelikula honen aurkikuntzarik nabarmenena. Bestalde, zinemagile espainiarra ez da inoiz bereziki trebea izan gizonezkoak zuzentzeko garaian. Zoritxarrez, arlo honetan ere ezin esan salbuespen baten aurrean gaudenik. Zinta honetan zerbait esakasa badago, nire iritziz behinik behin, Antonio Banderasen karakterizazio antinaturala da. Interpretazio alorrarekin amaitzeko, zenbait bigarren mailako aktoren lana goraipatu nahiko nuke, esate baterako, Marisa Paredes edo Jan Corneten jardunak.
Laburbilduz, erabat Almodovar den zinta baten aurrean gaude. Hortaz, sutsuki defendatuko dugun jendearen aurrean, era berean, kupida gabe erasotuko duenik ere topatuko duzue. Ezinezkoa den arren, nire ustez, zuzenena inongo aurriritzirik gabe zine-aretoetara jotzea da.