Duela zenbait urte sukaldari ospetsu bati ondorengo adierazpen hauek entzun nizkion: “Sukaldariok legatza baten aurrean gaudenean, belaunikoz paratu beharko genuke”. Nik ez dakit zinemazale guztiok egin beharko genukeen, baina neuk behintzat bai. Neu inoiz Clint Eastwooden aurrean banengo, belaunikoz jarriko nintzateke, duda barik. Horren onak izan dira pantaila erraldoi baten aurrean pasarazi dizkidan uneak, ezen berarenganako dudan mirespena neurtezina baita.
Izen handiko boxealariekin lan egin ondoren, Frankie Dunn, (Clint Eastwood) Scrap (Morgan Freeman) izeneko boxealari ohi baten laguntzaz, gimnasio baten arduradun bilakatu da. Frankie gizon bakarti eta burugogorra da eta iristen ez zaion berrerospena lortu nahian erlijioan bilatzen du nolabaiteko sostengua. Halako batean, Maggie Fitzgerald (Hilary Swank), borondate handiko neska bat, bere gimnasioan sartuko da, bere guraririk handiena boxeatzea izateaz aparte, entrenatzaile gisa Frankie nahi duelako. Hasiera batean, Frankiek ez dio jaramonik egingo, baina denboraren poderioz, eta bera bezain kaskagogorra dela ikusita, neska entrenatzea erabakiko du. Lan honi esker Clint Eastwoodek zenbait sari poltsikoratu zituen, besteak beste: 2004ko Oscar sarietan 4 premio, pelikula onenari dagokiona tartean, urte bereko Urrezko Globoetan bi sari, Frantzian eta Italian eskuraturiko sariak ahantzi gabe.
Clint Eastwood azken zuzendari klasikoa dela esaten da eta, zer nahi duzue esatea, nik hala dela pentsatzen dut. Bere pelikuletan atmosfera berezi bat somatzen da, istorioak kontatzeko beste erritmo bat darabil, narrazio klasiko eta argiko zinemagilea dugu San Frantziskoko zuzendaria. Clint, gainera, ez da zuzendari bat besterik, artista osoa baizik: aktore, musiko, zuzendari, gidoilari, ekoizle... zinearen munduko atal asko eta asko menperatzen ditu. Bere lanak kalitate hanikoak dira eta “Million Dollar Baby” (2004) hau hautatu dudan eran, beste hainbat zinta aukeratzeko parada izango nuen, kasu guztietan filmen kalitate-maila izugarria izanda gainera. Hala, eta bakan batzuk baino ez aipatzearren, “Bird” (1988), “Cazador Blanco, Corazón Negro” (1990), “Unforgiven” (1992), “Los Puentes de Madison” (1995), “Mistic River” (2003) edo “Gran Torino” (2008) aukeratu ahal izango nituzke inongo arazo barik.
Pelikula batek handia izateko, aritzen diren antzezleen lan txukuna ezinbestekoa du. Zinta honetan lanean diharduten aktore guztien beharra zoragarria da. Hori aurretik doala, erabat txalotzekoak dira Eastwood bera, Swank eta Freeman handien karakterizazioak, txapela kentzeko modukoak hirurak, zinez! Azken bien kasuetan, zenbait sari jasoz aitortuak izan direnak, gainera. Berez, hirurak aktore handiak dira, baina film honetan bereziki ondo ondo aritzen dira.
Bukatzeko, pelikula honen gidoiaren kalitate handia nabarmendu nahi nuke. Paul Haggisek idatzi dituen hizketaldiak adimentsu bezain bitxiak dira. Pertsonaiak mintzatzen direnean, ez dute inoiz aipatzen adierazi nahi dutena, baizik eta beste zerbaiten inguruan aritzen direla. Hala eta guztiz ere, ikusleok aditzera eman nahi dutenaz une oro jabetzen gara. Zailtasun handiko kontua, gidoiaren kalitateaz argiro hitz egiten duena.