Plácido

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko ira. 15a, 07:00

Espainian burutzen den zineaz hitz egiten denean betiko ideiak adierazten dira.

Espainian burutzen den zineaz hitz egiten denean betiko ideiak adierazten dira. Geure buruetara datozen argudioak hauexek izaten dira eskuarki: komediak besterik ez direla egiten, hots, errealitatetik alde egiteko aitzakia gisa erabiltzen dela zinea, kalitate eskaseko zintak ekoizten direla, aurrekontu baxukoak eta aktore txarrak erabiliz, sakontasun bariko filmeak zerten direla, hau da, ez zaiola gizartean gertatzen denari so egiten... Laburbilduz, espainolkeria kontzeptua azalaratzen da. Eta hala izaten da, salbuespen batzuk aparte, egia delako. Ez zen hori, ezta hurrik eman ere!, Luis García Berlangaren kasua. Berak zinea bizi izan zuen garaia erretratatzeko baliabide gisa erabili zuen eta, aro horren kronikari onenetariko bat bilakatu zuena.

 

Dexente aspertzen den andra burges talde nagi samar bati ondorengo ideia zoro hau bururatu egin zaio: Gabon Gauean txiro bat afaltzera norbere etxera eramatea. Plácidok prestakuntza lanetan laguntzen du, baina bat-bateko arazo bat sortuko da, zeinak bere zereginean zentratzea galaraziko dion. Pelikula honetan Berlangak maisuki islatu zuen garai hartako gizartea: nola bizi zen jendea, gizarte-maila desberdinen arteko alde izugarria, itxurakeria... Lortu zituen, gainera, meritu handiko bi izendapen: Ingelesez Besteko Film Onenarena 1961eko Oscar Sarietan, batetik, eta, bestetik, 1962ko Canneseko zinemaldian, Urrezko Palma irabaztekoa alegia.

 

Ez dira asko Espainiako filmografiako izen handiak eta, inongo duda barik, horietako bat Berlanga dugu. Ibilbide profesional luze bezain oparoa du iaz zendu zen zuzendari valentziarrak. “Plácido” (1961) handi honi beste zenbait izenburu gainera dakizkioke, besteak beste: “¡Bienvenido, Mister Marshall!” (1953), “Calabuch” (1956) edo “El Verdugo” (1963), bakan batzuk aipatzearren. Berlangaren zinea egiteko eran zerbait nabarmendu behar bada zera dugu: gizarte eta politika gaiak jorratzeko erabiltzen zuen ironia zorrotza. Bere lanetan ez dira gutxi, gaur egungo ikuspegitik begiratuta jakina, guztiz surrealistak iruditzen zaizkigun egoerak, zeintzuetan Valentziako zinemagileak umore beltza maisutasunez erabiltzen zuen.

 

Garai hartako aktore-zerrendak, zine espainiarrean behintzat, oso antzekoak ziren. Are gehiago, lan honetan gertatzen den moduan, zinta-koral batean, non aktore-kopuru handia behar zen. Aurpegi eta ahots asko ezagun egiten zaizkigu, zeren eta bertako pelikuletan ezezik, atzerrian buruturiko lanetan ere bikoizketa lanetan aritutakoak baitziren. Akaso erregistro zabalik ez zuten izango, baina egiten zekiten hartan ederto aritzen ziren. Cassen, rol nagusia betetzen duena, José Luis López Vázquez, Agustín González, Amaparo Soler Leal... denak ziren izen ohikoak garai hartako ekoizpenetan erakusten zuten “konpetentzia mugatuagatik”.

 

Gomendio honen hasieran “espainolkeria” hitza erabili dut. Kontzeptu hori existitzen bada, horretarako argudioak badaudelako da, duda barik. Hala ere, “Plácido” (1961) bezalako pelikulek argi uzten dute Espainian kalitatzeko lanak ere egin izan direla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide