Udaberria, uda, udazkena, negua... eta udaberria

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko ira. 1a, 07:00

Duela hamabost egun Hego-Koreako film bat gomendatu egin nuen. Oraingo honetan ere, han zertutako lan baten alde egin behar dut. Pelikula biak, ordea, oso bestelakoak dira. Aurrekoan indarkeria nagusitzen zen bitartean, gaurko honetan lirismoa da gailentzen dena, inongo duda barik gainera.

Duela hamabost egun Hego-Koreako film bat gomendatu egin nuen. Oraingo honetan ere, han zertutako lan baten alde egin behar dut. Pelikula biak, ordea, oso bestelakoak dira. Aurrekoan indarkeria nagusitzen zen bitartean, gaurko honetan lirismoa da gailentzen dena, inongo duda barik gainera. Batek baino gehiagok galdera hau ibiliko du bere baitan: zer dela eta berriro ere zine hego-korearra? Arrazoia sinplea da: Oso ona delako, jakina. Hala eta guztiz ere, eta aitzakia hobe bat behar baduzue, zera esango dizuet: Laster Donostiako zinemaldia izango dela eta bertan Kim Ki-dukek, pelikula honen zuzendariak, parte hartuko duela.

 

Bi fraide erabat aldenduta dagoen monasterio batean bizi dira. Bietan zaharrenak bestearen bizitzan zeharreko gorabeherak aditasun handiz aztertuko ditu, irakaspen egokiak helarazteko asmotan. Zinta honek urtaro eta bizitzaren aroen arteko metafora ederra planteatzen du. Lan honi esker Kim Ki-dukek Donostiako zinemaldian ikuslegoaren saria eskuratu zuen 2003an. Irudien edertasun ukaezina, espiritualismoa, erritmo lasaia... hauexek dira, beste batzuen artean, pelikula interesgarri honen indarguneak.

 

Hego-Koreako zinemagileen artean ospetsuenetako bat dugu Kim Ki-duk. Zuzendaria eta gidoilaria da Boghwan jaiotako gizaseme bitxi hau. Berandu samar hasi zen zinearen munduan, 33 urterekin hain zuzen ere, inolako prestakuntza teknikorik jaso gabe gainera. Nahiko berandu hasi bazen ere, oso erritmo altuan ari da lanean. Izan ere, dagoeneko 15 lan ditu estreinatuta eta beste bi lehen aldiz emateko prest. Pelikula aski esperimentalak burutzen ditu normalean, baina beti indar bisual handiko planoak lortzen ditu. Zinta honen ostean zertu zuen lana, “Hierro 3” (2004), beste film interesgarri bat duzue.

 

Lan honen zuzendariaren sona ukaezina bada ere, ezin gauza bera esan aktoreei buruz, beno, bati buruz bai, Kim Ki-duk bera baita. Badira zenbait arrazoi euren lana baloratzeko garaian zailtasun handiak izateko: guretzako ezezagunak dira erabat, batetik, eta, bestetik, zio kulturalak direla medio, egoera zehatzetan dituzten erreakzioak guztiz arrotzak ditugu eta hortaz, zenbait unetan behintzat, lekuz kanpokoak. Horrek ez du esan nahi aktore eskasak direnik, ezta hurrik eman ere! Praide bien karakterizazioak burutzen dituzten aktore desberdinen lana borobila da oso. Eta aktore desberdinak diot, zeren eta pertsonaia baten aro desberdinak ikusten ditugunez, rol berari antzezle desberdinek ekiten baitiote. Hola izanik, bai Oh Yeong-su, bai Kim Jung-yeong ezin hobeto aritzen dira.

 

Bukatzeko, kontu batez ohartaraztea komeni delakoan nago. Eta hauxe duzue: Zinta hau hizketaldi gutxikoa da. Dena dela, zuzendariak kontatu nahi duena ulertzeko inolako oztoporik ez dago. Izan ere, zinea edonon ulertzen den hizkuntza da eta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide