I Saw The Devil- Deabruarekin Topo Egin Nuen

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko abu. 18a, 07:00

Korea aldean burutzen den zinea gogorra izaten da, aukeran. Indarkeria osagai garrantzitsua da eurentzat, alafede.

Korea aldean burutzen den zinea gogorra izaten da, aukeran. Indarkeria osagai garrantzitsua da eurentzat, alafede. Zenbait lan ikustean, gomendatu nahi dudan “I Saw The Devil” (2010) hau esate baterako, burura datozkigun izenek lotura zuzena dute bortizkeriarekin, hala nola, Scorsese, Tarantino edota Coppola, erangin argienak aipatzearren.

 

Argitu beharreko lehenengo kontua zera da: Hauxe dugu Kim Ji-woon Hego-Koreako zinemagilearen azken lana; hori bai, nahiko bitxia bere kasuan, oraingo honetan beste gidoilari batek idatzitako istorioa estrainekoz egokitu behar izan du eta. Kyung-chul gainontzekoak sufritzen ikusteak sortzen dion plazer hutsa esperimentatzeko hiltzen duen psikopata da. Burutzen dituen erailketetan metodo beldurgarriak baliatzen ditu. Neska gazteak eta umeak hautatzen ditu biktima gisa, gainera. Aspaldidanik du polizia bere atzetik, hala eta guztiz ere orain arte ezin izan dute harrapatu hiltzaile bihozgabea. Egun batean, baina, dagoeneko jubilatuta dagoen polizi-buru baten alaba hilda agertuko da. Neskaren mutil-lagunak, agente sekretua denak, mendekua aldarrikatuko du.

 

Kim Ji-woon zinemagile hego-korearra dugu zinta honen arduradun nagusia. Dagoeneko aipatu dugun eran hauxe da berak idatzia ez duen bere lehenengo filma. Ekoizpen hau baino lehenago beste zazpi lan ditu borobilduta, den-denak berak soturiko istoriotan oinarrituta. Proiektu berri bat du martxan, zeina Estatu Batuetan zertuko duen estreineko lana izango den. “The Last Stand” (2013) da lan berri honen izenburua eta, bitxia bada ere, Arnold Schwarzenegger da momentuz entzun den izen bakarra film honetan arituko den jendearen artean.

 

Filmea bi pertsonaren arteko jazarpena da, azken finean; hots, lanaren pisurik eta handiena bi aktoren lanean oinarritzen da. Hau dela eta, bi aktore horiek egokiro hautatzea funtsezko kontu bilakatzen da. Esan beharra dago, kasu honetan Kim Ji-woonek bete-betean asmatu egin duela. Izan ere, bai Lee Byung-hun, bai Choi Min-sik ezin hobeto aritzen baitira. Pertsonaia biak aberatsak dira oso eta antzezleek jakin izan dute taxuz gorpuzten, erortzeko erraza zen tranpan jauzi gabe, hau da, ez dute inongo unetan lekuz kanpoko antzezpenik burutzen.

 

Zinta hau zinemaldi desberdinen atal ofizialetan ibili izan zen aurreko denboraldian, hala nola, Donostian edo Sitgesen. Ezin gomendio hau bukatu, ordea, kontu batez ohartarazi gabe: Hauxe urdail gogorrentzako lana duzue. Are gehiago, zenbait unetan ezin begiei pantailan eutsi. Hala eta guztiz ere, horren da erakargarria istorioa pantailaratzeko modua, ezen, une horiek ahal den moduan alde batera utziz, ikusi beharreko pelikula baita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide