Mundu Hobe Batean- En Un Mundo Mejor- Hævnen

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko abu. 4a, 07:00

Zinta honen izenburuak dioen bezala, nahiago nuke mundu hobe batean bageunde.

Zinta honen izenburuak dioen bezala, nahiago nuke mundu hobe batean bageunde. Hala balitz, baina, ezin izango genuke Susanne Bier zinemagile daniarrak burutu duen harribitxi honekin gozatu ederrik hartu. Pelikula lazgarria da oso, deskribatzen saiatzen den gizartea den modukoa.

 

Guraso eta semealaben arteko komunikazioaz gain, indarkeriaz ere mintzatzen zaigu zinta daniar hau. Gudu krudel baten erdian dagoen herri batean mediku lanetan dihardu Anton daniarrak, errefuxiatuen zelai batean hain justu. Bitartean, bere emazte-ohia eta semea Danimarkan daude. Semeak tratu txarrak jasaten ditu bere eskolan eta nahiko bakartua sentitzen da. Bere eskolara, halere, ikasle berri bat iritsiko da, zeinarekin azkar adiskidetu den. Adiskidantza horretatik etorriko dena, ordea, ez da batere ona izango.

 

Azken Oscar sarietan ingelesez besteko film onenari dagokion saria irabazi zuen lan honen erantzulea Susanne Bier daniarra dugu. Eskandinaviako zuzendariak zinta ugari zertu ditu orain arte, euren artean honako hauek ditugularik: “Te Quiero Para Siempre” (2002), “Hermanos” (2004) edo, Estatu Batuetan burutu duen film bakarra, “Cosas Que Perdimos En El Fuego” (2007). Aipatutako Oscar sariaz gain, pelikula honek azken Urrezko Globo sarietan ere, kategoria berean gainera, premio bat erdietsi zuen.

 

Pelikula guztietan badira zenbait elementu funtsezkoak direnak, funtzionatuko badute behintzat. Euren artean, inongo duda barik, gidoi sendo bat dugu garrantzitsuenetako bat. Kasu honetan ez dugu zertan kezkatu, Anders Thomas Jensen gidoilariak moldatu duen istorioa irmoa bezain interesgarria da. Ezinbestekoa den beste atal bat interpretazioari dagokiona da. Hau dela eta ere, ezbai gutxi lan honi dagokionean. Aktore guztien karakterizazioei egiatasuna darie poro guztietatik, pantaila erraldoian ikusten dugunari erabateko sinesgarritasuna emanez.

 

Zazpigarren artea deitua izan den honetan, plazerra sortzen duten istorioak behar-beharrezkoak dira. Are gehiago, gehienetan zine-aretoetara era honetako kontakizunen bila hurbiltzen gara. Hala ere, ezin ukatu nohizbehinka zinera sufritzera ere joan behar denik. Ez hori bakarrik, noiz edo noiz, geure mundu txoro honetan gertatzen denaren aurrean baten batek geuri begiak zabaltzea ere guztiz ezinbestekoa izaten da. Hau honela, Susanne Bier zinemagile daniarrari eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Izan ere, aipatutako zinearen bigarren funtzio hau ezin dotoreago betetzen baitu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide