Pelikula bat zio desberdinengatik mirestua izan daiteke. Izan ere, gerta daiteke mirestua izatea istorio zinez hunkigarria kontatzeagatik edo muntaketa harrigarria izateagatik. Ez dira gutxi musika zoragarria edukitzeagatik ikuslegoaren onarpena lortu izan duten zinten kasuak eta, zertan esanik ez, aktoreen lan txukunak ere badu zeresan handia kontu honetan. Aurreko atal guztietan publiko zein kritikoen oniritzia jasotzen duten lanei maisulan izena eman zaie eskuarki. “Un Cuento Chino” (2011) Sebastián Borensztein zinemagile argentiniarraren azken pelikula hau ez da, ezta hurrik eman ere!, maisulan bat. Bada, baina, arrazoi sinple batengatik, ikustea merezi duen zinta bat: Ricardo Darín-en interpretazioa, hain zuzen ere.
Roberto ( Ricardo Darín), duela 20 urte baino gehiago jasan zuen zorigaiztoko gertaera batek baldintzatuta, munduaren aurrean babestu nahian eta bakar-bakarrik bizi da. Egun batean, ordea, bere kobazulo pertsonal horretatik aterako duen zerbait gertatuko zaio...
Pelikula honen zuzendaria Sebastián Borensztein Buenos Aires-eko zinemagilea da. Hauxe bere hirugarren film luzea dugu, zertu dituen gainerako lanak telebistarako izan direlarik. Ez da bereziki saritua izan den zuzendaria, ez behintzat pantaila erraldoirako burutu dituen lanetan. Telebistan, ostera, zorte hobea izan du eta pare bat alditan eskuratu izan ditu Martín Fierro izeneko sariak, Argentinako irrati eta telebistako saririk garrantzitsuenak, zuzendaririk onena izendatuz.
Badira zenbait film aktore baten zereginean sostengatzen direnak, hauxe dugu adibide argia, bai horixe! Ricardo Darín Buenos Aires-en jaiotako aktorearen lan zoragarri hutsa, pelikula ikusteko arrazoi nahikoa da berez. Berak antzeztua izateko sortua dirudien rolak laguntzen du, egia esate aldera. Baina, halako aukerak baliatzen ere jakin behar da eta, zinez diotzuet, Darín-ek luzatu dioten goxokiari duen zuku guztia eta gehiago ateratzen dio. Aktore argentiniarrak askotan erakutsi du daukan balio ukaezina eta oraingo honetan ez da atzean geratu, ez.
Aurreko paragrafoan idatzitakoa guztiz egia bada ere, ez litzateke justua izango lan hau Darín baino ez dela esatea. Zinta honek elementu desberdin asko barnebiltzen ditu eta proportzio egokian, gainera. Hala, kritika sozial eta umorearen artean koka daitezkeen osagai guztiek euren lekua dute Borenszteinek zertu duen zeluloide-puska atsegin honetan.