Estatu mailan egiten diren lanetan ez da oso ohikoa izaten pelikula honek darabilen planteamendua, ezta hurrik eman ere! Izan ere, ez dira asko zinta honen baukaera iluna duten lanak, ez da oso normala izaten pertsonaia guztiak galtzaile gertatzea, ez eta pelikula honen egitura erabiltzea ere. Arrazoi hauek guztiek, berez, interesgarri bilakatzen dute Jorge Sánchez-Cabezudo Madrid-eko zuzendariaren film luze bakar hau.
Esteban (Carmelo Gómez) eta Pedro (Mariano Alameda) herri txiki batera joango diren espeleologo bi dira. Euren lana, hango biztanle batek aurkitutako kobazulo bat aztertzea izango da, interes handiko aurkikuntza den konprobatze aldera. Eurekin batera Estebanen neskalaguna den Gabi (Judith Diakhate) bertaratuko da. Espeleologoek leize-zuloa miatzen diharduten bitartean, ordea, Gabirengana ezezagun bat hurbilduko da…
Dagoeneko aitatu dudan eran, Jorge Sánchez-Cabezudo dugu film honen erantzule nagusia, gidoia ere berea da eta. Gidoia dugu, hain zuzen ere, lan bikain honen alderdi indartsuenetako bat. Gutxitan pantailaratu dira horren ondo idatzitako lanak, kasu honetan zailtasun berezia zuena, zeren eta duen egitura nahiko korapilatsua baita. 2007ko Goya sarietan, “Zuzendari berri onena” izateko izendapena jaso zuen. Saria, baina, ez zuen lortu, urte hartan “Azuloscurocasinegro” pelikula ikaragarriari esker Daniel Sánchez Arévalok kendu ziolako.
Zinta honek indargune dexente ditu. Bat, esan dugun moduan, gidoia da. Beste bat muntaketa dugu, lineala ez dena. Are gehiago, Tarantinok zenbait filmetan erabilitako egitura antzekoa darabil zinemagile madrildarrak, non istorio desberdinak, bilbe nagusi baten inguruan uztartzen diren. Istorio baten protagonista bigarren mailako rolean arituko da gainerakoetan, informazio-salto izugarriak plantetatzen dituena, ikuslearen arreta lortuz. Hartara, gertaera beraren ikuspegi desberdinak pantailaratzen ditu zuzendariak, zinta erakargarriago bihurtuz. Bestalde, edozein pelikulatan bezala, aktoreen lana ezinbestekoa da eta, kasu honetan karakterizazio borobilez gozatzeko aukera dugu. Bai Carmelo Gómezek, bai Celso Bugallok, bai Vicente Romerok, sinesgarritasun ikaragarria igortzen dute, euren rolek behar dutena, hain justu. Aipamen berezia merezi du, halere, Walter Vidarteren lana, zinez zaila den papera betetzen du eta.
Bukatzeko, zuzendariak burutzen duen biolentziaren trataera azpimarratzea gustatuko litzaidake, era gordin bezain dotorean pantailaratzen baitu. Ikusleari zuribide bat topatzeko inongo aukerarik eman gabe.