Zinearen munduan garrantzi handia izan duten zenbait mugimendu dira. Euren artean Frantzia aldean sortu zen Nouvelle Vage, olatu berria izenekoa, dugu. 50. hamarkadaren bukaeran sortu zen, zenbait zinemagile frantziarrek euren herrialdean egiten zen zinearen aurka protestatzeko indarrak batu zituztenean. Adierazpen askatunaz gain, askatasun teknikoa ere aldarrikatu zuten, muntaiaren legeak hautsiz, beste kontu batzuen artean. François Truffaut, “Tirez Sur Le Pianiste” (1960) gomendatzen dudan lan hau zertu zuen zuzendaria, mugimendu honen ordezkarietako bat dugu.
Musiko handia izan zen Charlie Kohler (Charles Aznavour) hiriko taberna ospetsu batean aritzen da azkealdion. Bere iragana izkutatzen biziki ahalegindu den arren, egun batean bere anai baten bat-bateko agerraldiak bere ahalegin guztiak zapuztuko ditu. Zoriari esker, hortaz, Charlie-ren bizitzaz jabetuko gara, zinta honen muina dena.
François Truffaut, zenbait mugimendukide bezalaxe, sona handiko Cahiers du Cinéma aldizkariko kolaboratzailea izan zen. Pariseko zinemagile honek zenbait lan ezagun ditu burututa, hala nola, “Les quatre cents coups” (1959), “Jules et Jim” (1962), “La nuit américaine” (1973) edota “Le dernier métro” (1980), bakan batzuk aipatzearren. Bere lanetan istorio zein pertsonaienganako hurbilpen gizatiar eta albait errealen alde egiten du. Hori dela eta, bai Truffauten, bai Nouvell Vagen parte hartu zuten zuzendarien pelikula askotan dokumentalek duten kutsua nabaria izaten da.
Nire ustetan behintzat, zeharo gomendagarria den lan honetan badago sorpresatxo bat guztiz atsegina dena: Parisen jaiotako eta jatorri amerikarra duen Charles Aznavour kantariaren parte hartzea. Talento handiko aktorea dela frogatuta geratu zen, bai honetan, bai eta geroxeago burutu zituen karakterizazio apurretan ere. Tamalgarria da berak bezalako ahalmena duen aktore batek zazpigarren artearen mundura horren gutxitan hurbildu izana.
Amaitzeko, ezin kolaborazio hau amaitu François Truffaut-en gainean izugarrizko eraginagina izan zuen erabateko artista bat aipatu gabe utziz: Alfred Hitchcock, alegia. Zinemaren munduaren inguruan asko ikasi nahi baldin eta baduzue, badago derrigorrean kontsultatu behar den liburu bat: François Truffaut-en “El cine según Hitchcock” izenekoa, hain zuzen ere.