2011ko Begibistan, Amurrioko V. zinema astea, gain-gainean dago jada. Izan ere, maiatzaren 25etik-28ra, Amurrio Antzokian, joan den urtean eta gaur egun arte, Euskal Herrian ekoiztu diren film laburrik onenak ikusteko parada izango baitugu.
Amurrioko zinemaldiak aurten hiru atal desberdin izango ditu:
-OFIBISTAN, nolabaiteko atal ofiziala, non antolatzaileen aburuz laburmetrairik onenek parte hartzen duten. Aurtengo ekitaldian 15 izan dira aukeratutako film laburrak.
-INFOBISTAN, atal honetan baliabide gutxi baina irudimen handiz buruturiko laburmetraiak lehiatuko dira. Sail honetan 20 lan ikusteko parada izango dugu aurten.
-ARABABISTAN dugu aurtengo ekitaldiak dakarkigun berritasuna. Arabako egileen zintak ikusi ahal izango ditugu maiatzaren 28ko eguerdian. Orotara 8 lanekin gozatzeko abagunea izango dugu, euren artean “Otsoaren Hatsa”, Juan Ángel Lekanda zinemagile laudioarraren bigarren lana.
Iazko ekitaldiko garaileak hauexek izan ziren: OFIBISTAN, epaimahaiak beste batzuen artean Telmo Esnalen “Amona Putz” eta Koldo Almandozen “Ahate Pasa” film laburrak saritu zituen, euskaraz egindako laburmetraiarik onena eta laburmetraiarik onena aukeratuz, hurrenez hurren. INFOBISTAN, bestalde, aurten ere parte hartuko duen Paul Urkijo eta David Zabalaren “ Cuchillo, Mc Gregor y el vasco” izeneko lanak eskuratu zuen lehenengo saria, Luis Vil artista izoriarraren “El Secretista” deituriko zintak bigarren saria erdietsi zuen bitartean.
Bukatzeko, aurtengo emanaldian Itziar Lazkano Portugaleteko euskal aktorea omenduko dela adierazi behar da. Itziarrek ibilbide profesional luze eta emankorra burutu du, bai zinean, bai eta telebistan ere. Seguruenik, gehiengo batek “Vaya Semanita” telesaioan esku hartzeagatik ezagutuko du, baina zinean ere zenbait lanetan aritua izan da, duela gutxi estreinatu zen “Izarren Argia” (2010) euskal filmean kasu.