Source Code- Código Fuente

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko mai. 12a, 07:00

Hau oso pelikula bitxia da arrazoi askorengatik, inongo duda barik.

Hau oso pelikula bitxia da arrazoi askorengatik, inongo duda barik. Hala eta guztiz ere, nire uste apalean beti, badago kontu bat berezitasun hori ematen diona gainerako zioen gainetik: koktel-ontzi batean sartuta eta ederto irabiatuta osagai askoren nahasketa izanda ere, kontrakoa pentsa litekeen arren, originaltasuna dario Duncan Jones zuzendari britainarrak zertu duen bigarren lan honi. Eta, zazpigarren artearen egungo egoera kontuan izanda, ezin esan ahuntzaren gauerdiko estula denik, ez horixe!

 

Colter Stevens (Jake Gyllenhaal) gobernuak duen programa esperimental batean parte hartzen duen soldadoa da. Helburu berezi samarra du. Izan ere, denboran hainbat bidaia egin beharko ditu tren batean gertaturiko atentatu bat aztertzeko asmoz. Bere betebeharra hauxe da: trenaren aurkako erasoaren erantzulea zein den aurkitzea, gerora gertatu behar den beste atentatu bat saihesteko asmoarekin. Misio horretan, baina, gertatu behar ez zen zerbait jazoko da. Izan ere, bidailagun batekin (Michelle Monaghan) amoratuko da, misioa are korapilatuago bilakatuko duena.

 

Ikuslea zenbaitetan lekuz kanpo uzten duen muntaketadun lan honen zuzendaria Duncan Jones britainarra da. Jones-en aita mundu mailan arrunt ezaguna den David Bowie, Brixtonen jaiotako musikaria, dugu. Bere izenak aitaren arrastorik txikiena ere ez ematea, nire ustetan behintzat, zentzu handiko erabakia da. Ez da berea ibilbide profesional luzea izan, ezta hurrik eman ere! Hauxe bere bigarren film luzea da. Aurrekoarekin, baina, sona eta lankideen begirunea eskuratu zituen. Izan ere, bere estraineko lanarekin, “Moon (2009)”, sari desberdinak eskuratzeko hamaikatxo izendapen jaso izan zituen, hainbat kasutan sariak eskuratuta gainera.

 

Aktoreen lana, beste munduko ezer izan barik, guztiz onargarria da. Era honetako pelikuletan, non efektu berezien pisua ikaragarria izaten den, biziki eskertzeko moduko kontua dena. Hala Jake Gyllenhaalek nola Michelle Monaghanek edo Vera Farmigak sinesgarritasunez janzten dituzte euren karakterizazioak, zinta beste maila batean lekutzen duena. Ez diogu geure buruari inongo porrurik sartu behar, noski! Hauxe une atsegin bat pasatzeko pelikula bat da, ez besterik. Baina duintasunez eginda dago eta, pertsonaia batek dioen moduan, istorioa ulertzen gazta lar gastatzen ez baduzu, gozatu ederra hartuko duzu.

 

Pelikula hau ikusteko irrikitan nengoen. Izan ere, bere fitxa teknikoan agertzen diren zenbait izen talento handikoak dira nire ustez eta, gainera, zinez aipagarriak iruditu zaizkidan proiektuetan sartuta egon dira; hala nola, zuzendaria bera (nire iritzitan “Moon (2009)” pelikula handia da), edo Jake Gyllenhaal zein Vera Farmiga antzezle interesgarriak iruditzen zaizkidanak, “Brokeback Mountain (Ang Lee, 2005) eta “Up In The Air” (Jason Reitman, 2009) lan interesgarrietan, hurrenez hurren, aritu izan direnak. Hala eta guztiz ere, hauxe ez da Matematika hutsa eta, noski, talentoen batura soilak ez du zertan emaitza bikaina bermatu behar. Zinta interesgarria da, hori bai, baina ez bikaina.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide