HappyThankYouMorePlease

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko api. 28a, 07:00

Entzuten hasi da pelikula honen zuzendaria, hots, Josh Radnor estatu batuarr

Entzuten hasi da pelikula honen zuzendaria, hots, Josh Radnor estatu batuarra, Woody Allen berria dela. Lehengo egunean bere estraineko filma den hau ikusi ondoren, zera esan behar dut: ez dudala nire burua gauza ikusten tamaina honetako baieztapen bat egiteko. Egia da, zintan zehar Allen gogora ekartzen duten zenbait kontu daudela, hala nola, egunerokotasunean oinarritzen den gidoi bat, elkarrizketa adimentsuak, gizakion arteko harremanak pelikularen ildo gisa... bai eta ere, lanaren une zehatz batean, izkutuan bada ere, zuzendariak argi uzten duela Manhattan zenbaitetan pantailaratu duen zinemagilearekiko bere miresmena. Ez zaikit, ordea, argudio hauek guztiak nahikoak iruditzen Allen berriaren aurrean gaudela baieztatzeko. Ez pelikula bakar bat zuzenduta duen, guztiz kontuan hartzekoa bada ere, zinemagile baten kasuan behintzat.

 

Zinta honen protagonista den Sam Wexler (Josh Radnor) egun izugarri eskasa ari da pasatzen: Bilera batera joan beharko du, norekin eta New Yorkeko sona handiko argitaletxe beteko zuzendariarekin, bere lehenengo eleberria izan beharko litzatekeenari buruz hitz egiteko gainera. Berandu eta aje izugarriarekin esnatuko da, ustekabean metroan ama galdu duen umetxo batekin geratu beharko da... Zertan esanik ez, argitaletxean eleberriaren kalitatea argitaratzeko beste ez dela esango diote. Hortaz, bere ibilbide profesionala arrakastatsua denik ezin esan. Antzeko zerbait esan daiteke bere ibilbide sentimentalaz. Harreman batetik bestera saltoka ibiltzen da inongo konpromisorik hartu gabe. Hori dena aldatuko da, baina, Mississippi (Kate Mara) izeneko neska bat ezagutzen duenean. Horren sakon helduko dio neskak eragingo dion zirrarak, ezen xelebre samarra den akordio bat proposatuko dion: berarekin 3 egunetan bizi izatea, alegia. Neskak onartzean, bai bere bizitza, bai eta bere inguruko jendearena ere erabat aldatuko da.

 

Pelikula hau dugu Josh Radnorren pantaila erraldoiarako lehenengo lana zuzendari moduan. Radnor Ohion jaiotako aktore amerikarra da eta, orain arte behintzat, lortu duen arrakastarik handiena telebistarako lan batean izan da: “How I Meet Your Mother” izeneko telesaileko protagonista izanda. Are gehiago, egun arte burutu dituen lanak telebistarako izan dira gehienbat. Izan ere, zinean, lan hau salbu, koloborazio txiki bat (ez oso harro egoteko modukoa, gainera) aipa daiteke soilik bere curriculumean: “Not Another Teen Movie” (2001) Joel Gallenek zuzendutako zintan, alegia.

 

Radnorrek planteatzen duen pelikula honetan ezinbestekoa da antzezle onak izatea, zeren eta istorioek funtziona dezaten karakterizazio sinesgarriak funtsezkoak baitira. Zintaren pisu guztia aktoreen sorbaldetan sostengatzen da. Aktoreen lana ona da oro har eta, nire ustetan, pertsona baten zeregina azpimarratzekoa da: Malin Akermanez ari naiz. “Watchmen” (2009) pelikulan aritzen den emakumezko aktore suediarraren egitekoa batere erraza ez den arren, inongo arazorik gabe ebazten du.

 

Amaitzeko zera aipatu nahiko nuke: Gomendatzen ari naizen pelikula honek izen handiko sari bat lortua duela gutxienez: aurtengo Sundance Festivaleko ikuslegoaren saria. Ez dago batere txarto, ez jauna!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide