A Place In The Sun

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko mar. 31a, 07:00

Joan den astean Hollywood

Joan den astean Hollywoodeko azken izarretako batek utzi gintuen: Elizabeth Taylor, alegia. Hori dela eta, begi moredun eta aurpegi ederreko emakumezko aktore honi omenalditxo bat egin nahian edo, George Stevens zinemagile amerikarraren “A Place In The Sun” (1951) izeneko lan hau aukeratu dut.

 

Theodore Dreiser idazle amerikarrarrak sortutako “Una tragedia americana” deituriko eleberri sonatuan oinarrituta dago Stevensen zinta hau. George Eastman (Montgomery Clift) inongo baliabide ekonomikorik ez duen gaztea dugu. Hala ere, patuak hala erabakita, aberatsa den bere osaba batekin, Charles Eastmanekin (Herbert Heyes), egingo du topo. Azken honek bere lantegian lanpostu bat eskeiniko dio. Hori bai, behe-behetik hasi beharko du. Osabaren lantegian emakumeentzako bainujantziak paketatzen dira. Leku nahiko bitxia da, zeren eta 10 langiletik 9 emakumezkoak izateaz gain, gizonezkoek debeku berezi bat pairatu behar dute: zer eta lankideekin harremanak izateko galarazpena. Georgek ordea, espero zitekeen eran, ez du debekua errespetatuko eta lankide batekin irteten hasiko da. Kontua dexente korapilatuko da, Ángela Vickers (Elizabeth Taylor) ezagutzen duenean. Izan ere, zeharo maiteminduko da berarekin eta, aldi berean, aurreko neskalaguna (Shelley Winters), ezertxo ere ez dakiena, haurdun geratuko da. Honek guztiak ezbai moral sakona planteatuko dio Georgei, modu txarrean konponduko dena.

 

Aldez aurretik aitatu dudan moduan, pelikula honen zuzendaria George Stevens izan zen. Oaklanden jaio zen zinemagile hau sona handiko artistekin hasi egin zen zinema munduan. Izan ere, Stan Laurel eta Oliver Hardyren laburmetraietan kameralari lanetan hasi baitzen. Zuzendari moduan baditu zenbait lan, gomendatzen ari naizen hau barne, interes handikoak direnak, hala nola: “The Talk Of The Town” (1942), “The More The Merrier” (1943), “Shane” (1953), “Giant” (1956) edota “The Diary Of Anne Frank” (1959).

 

Zinta honen alderdi indartsuenetakoa duen aktore-zerrenda da, inongo zalantzarik gabe. Hortxe ditugu Montgomery Clift eta bere begirada arduragarria, edo Elizabeth Taylorren edertasun ukaezina, Shelley Wintersen profesionaltasun errefusaezina ahaztu gabe. Lehengai hauek edukita, nekez buru daiteke lan kazkar bat.

 

Bestalde, pelikula honek zenbait sari garrantsitzu erdietsi zituen. Esate baterako, 1951ko Oscar sarien banaketan 6 premio poltsikoratu zituen, gidoi eta zuzendari onenari zegozkionak barne. Urrezko globoetan ere sari bat irabazi zuen, oraingo honetan drama arloko pelikula onenari zegokiona. Begibistakoa denez gero, izen handiko lan baten aurrean gaude.

 

Lan hau, genero batean kokatu behar izatekotan, drama bati buruz ari garela aitortuko genuke arazo handirik gabe. Eta litekeena da hala izatea, hots, drama baten aurrean egotea. Baina, lehenago adierazi dudan moduan, Montgomery Cliften begirada horren da berezia, ezen zenbait unetan nozitzen den tentsioak beste zerbaiten aitzinean gaudela iradokitzen baitigu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide