Datorren martxoaren 11n, ostiralarekin, Otsoaren Hatsa film laburraren estreinaldia izango da Laudioko Lanbide Heziketa Udal Ikastetxeko zine-aretoan. Arratsaldeko zazpi eta erdietan, Juan Ángel Lekanda zinemagile laudioarraren bigarren lanarekin gozatzeko parada izango dugu.
Akziozko pelikula dugu Otsoaren Hatsa, gerra zibileko zenbait gorabehera kontatzen dituena. Genero hori hautatu izanak hainbat buruhauste ekarri dizkio filmazio-taldeari. Izan ere, tankera honetako lan bat egiteak eskatzen dituen baldintza teknikoak ez dira batere samurrak.
Film laburra Goikogane mendiaren magalean filmatu da, bertan topa daitezkeen lubakietan. Uneoro gertatutakoarekiko fideltasuna gordetzea izan da filmazio-taldearen xedea. Eskualdeko aktoreek hartu dute parte.
Filmaren beste emanaldi bat Euskara Arloaren eskutik
ZINEA EUSKARAZ kanpainaren barruan (hilean behin euskarazko pelikula bat eskaintzen duen kanpaina), beste emanaldi bat izango da martxoaren 26an 20:00etan Lanbide Heziketako udal ikastetxean. Bertan Juan Angel Lekanda eta pelikula egiten parte hartu duten beste kideek filmaren gaineko azalpenak emango dituzte euskaraz eta filma gaztelerazko azpititulurik gabe emango da.