Fargo

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko mar. 3a, 07:00

Coen anaiek 1996an oparitu ziguten artelan hau apartatu dut klasiko berriei eskeintzen diedan atal honen hirugarren pelikula izateko. Zintaren hasieran kontatuko digutena benetan gertaturiko kontuak direla jakinarazten digute.

Coen anaiek 1996an oparitu ziguten artelan hau apartatu dut klasiko berriei eskeintzen diedan atal honen hirugarren pelikula izateko. Zintaren hasieran kontatuko digutena benetan gertaturiko kontuak direla jakinarazten digute. Batek baino gehiagok telebistan arratsalde aspergarriak betetzeko erabiltzen zituzten euskarri hark propio zituen lan jasanezinak ekarriko ditu burura, gehienen hasieran aipatutako hitzak irakurri edo entzun ahal zirelako. Ez da hau kasua, inondik inora! Filme hau edozer gauza izan daiteke: gogorra, higuingarria, gordina, lazgarria, interesgarria, adimentsua, hunkigarria, gogoetatsua... hau da, edozer gauza jasanezina salbu.

 

Erabat koldar eta lotsatia den gizon batek, diruz josita eta aberastasun hori usaintzen ere uzten ez dion enpresari baten alabarekin ezkonduta dagoenak, bere patua aldatzeko plan zoro bat ebazten du: zer eta emaztea bahitzeko gaizkile bitxi bi kontratatu. Era honetan, bahisari gisa ustez eskatuko zioten dirua aitaginarrebaren bitartez eskuratu ahal izango zuen. Izan ere, bueltaka darabilen negozio bat martxan jartzeko diru hori behar baitu. Teorian planak zentzuzkoa dirudi. Hala eta guztiz ere, behin martxan jarrita hainbat egoerak pikutara bidaliko du, zenbait zentzugabeko erahilketa ekarriz gainera. Honek guztiak, noski, poliziaren agerpena ekarriko du.

 

Coen anaien zinea egiteko era bitxia eta pertsonala da guztiz. Euren lan guztietan badira zenbait ezaugarri errepikatzen direnak, hala nola, pertsonaia ezin bitxiagoak, edozein direla ere istorioak kontatzeko darabilten era sinplea, bortizkeriak euren lanetan duen garrantzi ukaezina... Arrazoi hauengatik guztiengatik beren pelikulek oso nortasun markatua dute, identifikazioa errezten duena. Zuzendari amerikarren zineak, hortaz, ez du inor axolagabe uzten: edo maitatzen duzu edo gorrotoa diozu, euren kasuan batezbestekorik ez dago, ez horixe! Aurrekoa egia bada ere, “Muerte Entre Las Flores” (1990), lan hau edo “No Es País Para Viejos” (2007) bezalako pelikulen kalitatearen gainean inongo dudarik ez dagoela esan gabe doa. Bestalde, kalitate hori aitortua izan zaie hainbatetan izendapen eta sarien bidez. Esate baterako, lan bikain honek Oscar sarien 1996ko edizioan zazpi izendapen jaso zituen, euren artean bi irabazi zituela: Frances McDormandek lortutako emakumezko aktorerik onenari zegokion premioa eta jatorrizko gidoirik onenari zegokiona.

 

Pelikula honetan ez dago Hollywoodeko distira berezia duen izar horietako bat ere ez, baina daogoena zera da: beren ogibidea ezin hobeto ezagutzen eta burutzen duten profesional handiak. Den-denak primeran badaude ere, euretako batzuen lana azpimarratzea komeni delakoan nago, hala nola, Frances McDormand, William H. Macy, Steve Buscemi, Peter Stormare edota Harve Presnell. McDormanden lanak, dagoeneko aitatu dudan lez, merezi zuen onarpena jaso izan zuen sarien bitartez, zoritxarrez ez zen gauza bera gertatu gainerako aktoreen lanekin. Horrek ez du esan gura, ezta gutxiagorik ere, borobiltzen dituzten karakterizazioak sekulakoak ez direnik. Macyren antzezpenak pertsonaiak bizi duen infernua ezin hobeto helarazten digu, Harve Presnellek aitaginarreba bihozgabearena oso egoki gorpuzten du eta, zertan esanik ez, Buscemi eta Stormarek antzezten duten gaizkile-parea ez da erraz ahazten den horietakoa, ezta hurrik eman ere!

 

Kontrastez beteriko lana dugu “Fargo” hau. Izan ere, parametro desberdinetan egiazta daitekeen baieztapena da hau. Esate baterako: kolorea. Elurraren zuria eta odolaren gorriaren arteko kontrakotasuna interesgarri bezain indartsua da. Ez da hortxe, baina, bukatzen kontrasteen kontua, inondik inora! Pelikularen tonua eta aditzera ematen duenaren artekoa ere kontuan hartzekoa da, inondik ere! Izan ere, Coen anaien kontakizuna ezin latzagoa den arren, zintak duen tonua erabat lasaia da, pertsonaien idiosinkrasiak berresten duena. Bukatzeko, beste aurkakotasun interesgarri bat nabarmentzea ezinbestekoa dela pentsatzen dut: heriotz-festa hau ikertu behar duen polizia haurdun dagoela, alegia!

 

Hainbat izan dira orain arte erabili ditudan kalifikatzaile positiboak filme hau gomendatzeko, arlo desberdinei dagozkienak gainera! Badago, berriz, beste arlo bat aipu baikorra merezi duena, planifikazioa hain zuzen ere. Bai planoen arteko lotura, bai eta sekuntzien jarioa ere bikainak dira. Sekuentziez ari garela, Macyren emaztearen bahiketarena ekarri nahiko nuke gogora; egundokoa izateaz gainera, lan honen nortasuna agerian uzten baitu. Pantailaratzen digutena lazgarria da zeharo eta indarkeria horren guztiaren erdian, gizagaiztoetako bat pomada bila hasiko da: itzela! Indarkeria surrealismoarekin nahastua, hau da, Coen anaien ezaugarrietako bat inongo duda barik.

 

Pelikularen bukaeran McDormanden pertsonaiak Stormarek antzezten duenari hauxe esaten dio: “Ulertzen oso zaila da”. Gertatutako guztia, hots zenbait gizaseme akatzea diruaren truke, horixe da ulertzen zaila dena. Hausnarketa gisa oso balekoa dela uste dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide