Ohituta gaude oso Bigarren Mundu Gerraren inguruko pelikulak ikusten. Izan ere, gizateriak ezagutu duen guda garrantzitsuena izan baita. Ez da horren ohikoa, ordea, gaurkoan gomendatu behar dudan lanak erakusten duen gatazka honen aldea pantailaratzea. Australiako zinemagilea den Peter Weirren azken zinta honen hasiera Sobietar Batasunean kokatzen da, bertako Gulag batean alegia. Zinta honetan agertzen den Gulaga Siberia aldean kokatuta zegoen. Ezagunago bilakatu ziren kontzentrazio-esparruak baino beldurgarriagoa zen hau akaso, zuen berezitasun zital bati esker: Siberia bera, zeinak alde egitea biziki korapilatzen baitzuen.
Zinez jazotako gertakariak kontatzen dituen ustezko lan baten aurrean gaude. Alemaniarrak Polonian indarrez sartu zirenean, zinta honen protagonista nagusia armada sobietikoak atxilotua izan zen. Siberiako Gulag batean amaitu zuen. Pelikulak zera azaltzen du: aipatutako lagunaren gorabeherak kontzentrazio-esparrutik alde egiteko, beste atxilotu batzuen laguntzaz jakina, eta nola, euren askatasunerako bidean, oinez Siberiatik Indiarako bidai luzea burutu zuten.
Dagoeneko aipatu izan dudan moduan Peter Weir dugu luzemetraia honen zuzendaria. Ez dira gutxi zinemagile australiarrak zertu dituen lanak eta, gainera, euren artean zinez ezagunak diren zintak ditugu, hala nola: “Único Testigo” (1985), “El Club De Los Poetas Muertos” (1989), “El Show De Truman (Una Vida En Directo)” (1989) edo “Master And Comander (Al Otro Lado Del Mundo) (2003). Urte luzeak eman ditu Weirrek ezer egin gabe aurtengo pelikula hau burutu arte.
Era honetako pelikula batean aukeratutako aktoreen lanak garrantzi itzela du, gorpuzten dituzten karakterizazioei sinesgarritasuna emateak pelikula osoa baldintzatzen du eta. Zinta honen aktoreen zerrendan izen ezagunak eta ez horren adituak topatuko ditugu. Ed Harris edo Colin Farrel lehenengo multzoan kokatuko genituzkeen bitartean, aktore nagusia den Jim Sturgess edo Saoirse Ronan bera bigarren tropelekoak lirateke. Bada, bai sona handiko profesionalek, bai ospe horrekin oraingoz amesten dutenek, den-denek era onargarrian betetzen dute euren zeregina pelikularen mesederako, noski. Beste kontu bat da, geroxeago komentatuko dudan moduan, antzeztu behar dituzten rolen garapena, nire uste apalean gidoiaren arazoa dena, ez profesionalena.
Bestalde, kalitatezko pelikula baten aurrean gaudela argi utziz, goraipatu nahi nituzte zinta honek eskeintzen dituen bi kontu, eskuarki bigarren mailakotzat joak izan direnak: ikusten ditugun paisaiak eta musika. Badaude zenbait filme pantaila erraldoian ikusi behar direnak, eskeintzen dituzten irudi edota begien aurrean ipintzen dituzten efektu bereziek hala eskatzen dutelako. Weirrek erakusten digun izadia horren da ikusgarria, ezen zine batean ikustea ez den edozer bekatua baita. Gehitu horri gainera, izugarri politak diren irudi horiek guztiak guztiz iradokitzailea suertatzen den musikaz lagunduta daudela. Hortaz, pelikula honekin duen benetako dimentsioan gozatzeko bide bakarra areto egoki bat aukeratzea da.
Pelikula hau ez da perfektua, halakorik ez dut uste dagoenik, are gehiago, ez dut uste egon behar duenik. Zenbait ahulezia baditu eta neuri bi nabarmentzea gustatuko litzaidake: Alde batetik, gorago nioen eran, pertsonaiak ez daude oso garaturik. Pentsa leike, arrazoi puntu bat izanda, lar estereotipatuta daudela. Beste alde batetik, zuzendaria topikoen gainerabileran erortzen da zenbaitetan, niri iritziz behintzat. Ez dira gutxi, kontakizunaren gogortasuna azpimarratze aldera, pertsonajeen zaurien lehen planoak. Ez diot beharrezkoak ez direnik, ezta hurrik eman ere!, baina horrenbestetan nabarmentzea ikuslegoaren adimena zalantzan jartzea dela iruditzen zait.
Gomendio honen hasieran pelikula honek kontatzen duena, antza, gertatutako zerbait dela adierazi dut. Bada, entzun izan dudanagatik, egun zenbait historialarik zalantzan jartzen du hala denik. Dakizuen bezala, kontatzen diguten guztia hitzez hitz sinisterik ez dago.