También La Lluvia

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko ots. 3a, 18:48

También La Lluvia” (2010)

También La Lluvia” (2010) Icíar Bollaínen azken lana duzue. Ez da batere erraza kontatzea zer demontre den zinta hau. Dagoeneko zenbait kontu entzungo zenituzten pelikula honen inguruan, noski: Garaiko lan bat dela, zinea zinearen barruan darabilen zinta dela, Ingalaterran horren gustuko duten zine-sozialaren kutsua duela... Okerrena zera da: den-dena egia dela eta, hortaz, nekez azal daitekeela zeren aurrean gauden. Madrilgo zuzendari eta aktoreak zertu duen nahaste ikaragarri honetan badago, bestalde, munduko zinemagile guztiek biziki preziatzen duten zerbait: izugarrizko indarra duen eta, hori dela eta hain justu, buruan iltzatuta geratzen den irudi bat, helikoptero batek garraiatzen duen gurutze puskarena, alegia. Gerta daiteke inork hauxe ezer gutxi dela pentsatzea, baina ez da hala. Hala ere, ezin esan aipatu dudan eszena hau Bollaínen lanak duen aktibo bakarra denik, inondik inora!

 

Sebastián eta Costak, Gael García Bernal eta Luis Tosarrek gorpuzten dituzten pertsonaiak hurrenez hurren, Colon zein Amerikaren aurkikuntzari buruzko pelikula bat zertu nahi dute. Sebastiánek sona handiko aurkitzailea eskrupulu gabeko gizaseme gisa aurkeztu nahi duen bitartean, Costaren gurari bakarra, ekoizlea den heinean, pelikulak duten aurrekontua ez gainditzea da. Azken arrazoi hau dela bide, Bolivia hautatuko dute zinta errodatzeko, herri merkea izateaz gain, extra moduan erabiltzeko indigena asko ere badaudelako. Kontua da Cochabamba izeneko departamendura joko dutela zintari itxura emateko asmoz. Zoritxarrez, garai hartan zonaldean istilu larriak sortuko dira biztanle eta euren ura erosi duen enpresa nahiz gobernuaren artean; dohakabez ezaguna bilakatu zen uraren gudaren germena izan zirenak. Honek guztiak filmatzea biziki korapilatuko duelarik.

 

Berriki jakin izan dugu Bollaínen azken filma honek ez duela jaso aurtengo Oscar sarietarako izendapenik. Ez da, noski, berri on bat, ez behintzat madrilgo zinemagilearentzat. Baina, honek ez dio inongo baliorik kenduko dagoeneko luzea den bere ibilbide profesionalari, hala zuzendari moduan, nola aktore gisa. “También La Lluvia” (2010) Icíarren bosgarren zinta dugu, bere lanen artean badago “Te Doy Mis Ojos” (2003), zeinari esker hurrengo urteko Goya saria eskuratu baitzuen. Honez gain, aktore gisa izen handiko zuzendarien aginduetara ere jarri izan da, hala nola Victor Erice, José Luis Cuerda, Ken Loach edo José Luis Borau, besteak beste.

 

Lan honen erantzule nagusia aktorea ere bada. Ez dakit honengatik izango den, baina betidanik aktoreak ondo eramaten jakin izan du Icíar Bollaínek. Lan honetan bereziki azpimarratu behar da Luis Tosarren karakterizazioa, nire uste apalean behintzat. Nahiz eta, geroxeago komentatuko dudan moduan, bere pertsonaiak pelikularen atal ahulenetako baten ardura duen. Gainerakoek lan duina egiten dute, Icíarrek badaki, ederto jakin ere, agindupean duen jendearengandik behar duena ateratzen. Hala eta guztiz ere, kontutxo bat, desadostauna sortuko duena agian, aipatu gura nuke. Hauxe da: zinta honetan Boliviako jendeak hartzen du esku, bertan filmatu egin da eta. Bada, pisu handiko pertsonaia gorpuzten duen Juan Carlos Aduviri aktore boliviarrak burutzen duen lana, Goya sarietarako izendapena lortu duen arren, eskasa iruditzen zait. Ez zait batere sinesgarri egiten. Seguruenik nire kontua besterik ez da, zeren eta aipamen berezi asko ari baita lortzen.

 

Aipatu izan dut dagoeneko lan honek kritika sozialaren kutsua baduela eta honetarako badago pisuzko arrozi bat, nire ustetan. Pelikularen gidoia Paul Lavertyk sinatzen du, Ken Loachen hainbat filmetan egin duen moduan. Ez da harritzekoa, hortaz, bere estiloa horren agerikoa izatea; ez eta, zinta ikusten duzun bitartean, zinemagile britainiarraren izena hainbatetan burura etortzea ere.

 

Ez dut gomendio hau bukatu nahi, nire iritziz behintzat, lan honek duen ahulezia bat aipatu barik. Ez ninduen batere konbentzitu Luis Tosarren pertsonaiak duen bilakaera azkar nahiz harrigarriak. Izan ere, lanaren hasieran gupidarik gabeko gizaseme moduan agertzen zaigun bitartean, bukaerarako, horrenbeste denbora oraingoz pasatu ez denean, gizaki errukior gisa azaltzen baitzaigu, pertsonaiaren inguruan ditugun datuek halakorik gertatzea aurrikustea zailtzen duten arren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide