Patua adigaitza da oso. Egi borobila dugu hau, inongo duda barik. Galdetu bestela, “The King´s Speech” (2010) Tom Hooperren pelikulan Helena Bonham Carterrek ondo baino hobeto gorpuzten duen pertsonaiari. Izan ere, kontraesan bati aurre egin beharko dio bere bizitzako une garrantzitsu batean: Gizon batekin maiteminduta dago, baina gizaseme horrek irudikatzen duen mundua biziki gorrotatzen du. Hala eta guztiz ere, zorionez, hala uste du berak, bere maitatuak duen akats bati esker saihestu ahal izango du, hein batean bederen, horrenbesteko higuina eragiten dion gizadia. Patuak, baina, ezuste handi bat gordeta dio eta, bere gogaren aurka bada ere, aiherra baino ekartzen ez dion gizartean murgildu beharko da zeharo. Pelikula batez ari gara, noski, baina... zein ez da noizbait aho bete hortzekin gelditu bizitzan zehar jazotako zerbaiten aurrean? Esandakoa, patua adigaitza da oso!
Tom Hooperren lana Erresuma Batuko erregea izan zen Jorge VI.aren gorabeheretan zentratzen da. Bere anaia Eduardo VIII.ak kargua utzi zuenean, erreinatu behar izan zuen. Errege batek abdikatzea nahiko ez-ohikoa da baina, dena den, ezin esan azaldu dugun argumentuaren atal honetan istorio bat dagoenik, ez horixe! Kontua da, errege berriak arazotxo bat duela: Totela da eta, zertan esanik ez!, jendaurrean hitz egin behar duen pertsona batentzat arazo larria dugu hau. Horrexegatik, mintzamen-arazoak konpontzen dituen terapeuta xelebre baten zerbitzuak alokatuko ditu.
Tom Hooper britaniarra da zinta honen erantzulerik nagusiena. Londresen jaiotako zinemagile gaztearen ibilbide profesionala telebistarako lanak burutzen hasi egin zen. Ez da, hortaz, zinearen munduan aritzen den jendearen artean, oso estimatuak diren profesional horietako bat, telebistaren mundutik datozen zuzendariak ez baitira inoiz lar baloratuak izan. Zinemarako bere hirugarren lana duzue hau, lehenago ondorengoak zertu zituelarik: “Red Dust” (2004) eta “The Damned United” (2009). Gomendatzen ari naizen pelikula honekin, ordea, zenbait sari irabazteko izendapen-andana ari da lortzen.
Zinta honetan zinez harritzen zaituena zera da: Pantaila erraldoian gertatzen den aktore-pusken desfilea. Benetan ikaragarria! Hortxe agertzen dira Colin Firth, Helena Bonham Carter, Geoffrey Rush, Michael Gambon edo Guy Pearce... bezalako profesional handiak. Ez dago batere gaizki, izen handirik ez duen zinemagile batentzat, ez! Zertan esanik ez, den-denak oso sinesgarri daude euren roletan eta duten maila argi uzten dute.
Amaitzeko kontutxo bat aipatu nahiko nuke. Honakoa duzue: pelikula honetan aritzen diren aktoreen artean Derek Jacobi azaltzen da. Akaso ez duzue ezagutuko, baina ospe handiko “Yo Claudio” izeneko telesaileko protagonista izan zen, totelka hitz egiten zuena, alegia. Nire uste apalean, begi-keinu argi baten aurrean gaude. Bestalde, jendeak dena duenean sufritzen ez duelako ustea izaten dugu normalean; hots, errege-erreginek edota diru-arazorik ez duten gizasemeek, den-dena daukatelako hain justu, inolako arazorik ez dutela pentsatzeko joera argia dago. Ez da beti horrela gertatzen, ordea, lan honek argi erakusten duen moduan.