It´a Wonderful Life

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2011ko urt. 6a, 10:34

Gabonak, zinemazaleontzat behintzat, lan bereziki atsegin bat bisitatatzeko desenkusa baino ez dira: Frank Capra

Gabonak, zinemazaleontzat behintzat, lan bereziki atsegin bat bisitatatzeko desenkusa baino ez dira: Frank Capraren “It´s a wonderful life” (1946) zeluloide puska, alegia. Bi ordu pasatxo irauten duen lan zoragarri honek sentimendu guztiak ederto jartzen ditu dantxan, bai jauna! Eta ez pentsa edozelako kontua denik, ez! Zeren eta hainbat unetan Capra maisu handia zinez labankorra den eremuetan murgiltzen baita. Halako egoeretan ibilitako zinemagile askok porrot izugarriak pairatu dituzte, zeinak italiar jatorrizko zuzendari amerikarraren profesionaltasuna agerian uzten duen.

 

George Bailey (James Stewart) negozio familiar batez arduratzen den hiritar ondradu bezain apala da. Euren negozioa hondoratzeko Potter jaun zeken eta boteretsuaren ahalegin guztiei aurre egingo die Goergek. 1945eko zorigaiztoko Gabon-gauean, ordea, diru-kopuru handi bat galduko du, zeinak negozioaren hondamenaz gain, protagonistaren galbidea ere ekar lezakeen. Hori dela eta, Georgek bere buruaz beste egitea deliberatuko du. Baina... burutzear dagoenean, ohiz kanpoko zerbait gertatuko da.

 

Gorago nioen moduan, zinta maitagarri honen erantzulerik nagusiena Frank Capra dugu. Sizilian jaio bazen ere, Estatu Batuetako hiritartasuna 1920an eskuratu zuen. Caprak hiru aldiz irabazi zuen zuzendari onenari dagokion Oscar saria: “It Happened One Night”-”Sucedió Una Noche” (1934), “Mr. Deeds Goes To Town”-”El Secreto De Vivir” (1936) eta “You Can´t Take It With You”-”Vive Como Quieras” (1938). Argi dagoenez gero, ez dago batere txarto. Baina, ez dugu ahaztu behar bere filmografian bestelako harribitxiak ere badaudela; hala nola, “Mr. Smith Goes To Washington”-”Caballero Sin Espada” (1939), “Meet John Doe” - ”Juan Nadie” (1941) edo“Arsenic And Old Lace” - ”Arsénico Por Compasión” (1944), bakan batzuk aipatzearren.

 

Gaitasun handiko zuzendaria izan zen Mr. Capra, inongo duda barik gainera. Baina, ez zen hau bere dohai bakarra, ezta hurrik eman ere! Aktoreengandik karakterizazio ederrak eskuratzen ere trebetasun handikoa zen. Horra hor bestela, lan honetan lortu zituenak: hala James Stewart, nola gainerako antzezle guztien lana izugarri ona da. Bigarren mailako karakterizazio gehienak txapela kentzeko modukoak dira, alafede! Lionel Barrymore, Henry Travers, Thomas Mitchell... zerrenda bukaezina da.

 

Hasieran aipatu dudan eran, pelikula hau nahiko arriskutsuak diren eremuetan murgiltzen da. Egungo lan asko, komedia erromantiko mordenoak kasu, eremu horietan murguldi ezezik, ito ere egiten dira, ikusleen azukre-maila arrisku bizian jarriz. Horretan datza, hain justu, aitatu eremuen arriskua, zinemagile klasikoek saihesten ikasi zutena. Oraindik ere, begibistakoa denez, asko dugu eurengandik ikasteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide