Alex de la Iglesiaren azken lanaren hasiera zinez txundigarria da. Pantaila erraldoian ikusten dugun guztiak indar bisuala ikaragarria du, fotograma ikusgarri oparo bildu ditu zinemagile bilbotarrak hastapen borobil honetan, hasierako kredituetatik hasita gainera! Pelikula hau sailkatzen egundoko zailtasunak ditut. Neuri behintzat, ezinezkoa egiten zait genero baten barruan kokatzea. Izan ere, nahastura izugarri baten aurrean baikaude: hala komedia beltza, nola drama ikaragarria dela esan daiteke inolako beldurrik gabe.
Alex de la Iglesiaren azken lanaren hasiera zinez txundigarria da. Pantaila erraldoian ikusten dugun guztiak indar bisuala ikaragarria du, fotograma ikusgarri oparo bildu ditu zinemagile bilbotarrak hastapen borobil honetan, hasierako kredituetatik hasita gainera! Pelikula hau sailkatzen egundoko zailtasunak ditut. Neuri behintzat, ezinezkoa egiten zait genero baten barruan kokatzea. Izan ere, nahastura izugarri baten aurrean baikaude: hala komedia beltza, nola drama ikaragarria dela esan daiteke inolako beldurrik gabe. Baina, amodiozko zinta baten aurrean gaudela esatea, edota zinemagile potolo ohiak beldurrezko filme borobila zertu duela baieztatzea ere ez litzateke astakeria bat izango, ez horixe! Bestalde, nire uste apalean bederen, badago goraipatzea merezi duen pelikularen beste alor bat: girotzea, alegia. Nekez topa daiteke metraia osoan zehar, girotzeari dagokionean noski, kirrinka egiten duen ezer eta, gaur egunean gertatzen ez den lan bati buruz ari garela kontuan izanik, ez da gutxi, inondik inora!
Frankismoaren bukaeran kokatzen den komedia dramatiko honek funtsean oso istorio sinplea kontatzen digu: emakume eder baten amodioa eskuratzeko pailazo biren arteko borroka besterik ez baitu garatzen. Hori bai, kontakizun honen inguruan zabaltzen diren korapilo interesgarriek ederto aberasten dute zuzendari bizkaitarraren lana.
Bilbon jaiotako zinemagilea erabat funtsezkoa da inguru hauetan burutzen den zinemagintzarako, ezen bere eran filmatzen duen beste inor ez baitago. Bestela esanda, Alex existituko ez balitz, asmatu beharko litzateke, dudarik ez izan gero! Beste kontu bat da burutu dituen lanetan eskuratu duen kalitate-maila. Nire uste apalean behintzat, nahiko ibilbide goarabeheratsua izan du egun arte. Izan ere, bikaintasuna erdietsi duten filmeekin batera, “El Día De La Bestia” (1995) edo “La Comunidad” (2000) kasu, zinta eskastsuak ere , esaterako “Perdita Durango (1997) edo “Muertos De Risa” (1999), zertu baititu.
De la Iglesiaren filmografian badago ahaztea komeni ez den auzi bat, honakoa duzue: biltzen dituen aktore-zerrenda xelebreak. Aspaldian ganorazko ezer egin barik dauden profesionalak edota erabat ezezagunak direnak, interpretazio-munduan behinik behin, biltzen ditu eta. Pelikula koral honetan ez dira gutxi sano ezagunak diren aktoreak, baina horiek dira justu paper txikienetan aritzen direnak. Pisu gehien dituzten rolak Carlos Areces, Antonio de la Torre eta Carolina Bangentzako utziz. Aktoreen karakterizazioak egundokoak dira, sinesgarri daude erabat. Behin zinta ikusita, nekez irudika dezakezu beste norbait euren ordez, aukeraketaren egokitasunaren maila argi uzten duena, zuzendariaren meritua ere badena, noski.
Amaitzeko, ez nuke aipatu gabe utzi nahi izango lan honetan ikusi ditudan omenaldi bi. Biak Hitchcock maisuari eskiniak gainera! Zintaren bukaeran, klimax-a “El valle de los caidos”en gertatzen denean, “North By Northwest” (1959) etortzen zaizu burura nahitaez. Sekuentzia berean, akaso ez horren argiro, baina neuk behintzat aurreko urtean maisuak errodatu zuen “Vertigo” artelanaren zantzua igerri nuen. Honek guztiak zerbait argitzen badu zera da: Alexek gustu oneko gizasemea dela, alajaina!
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.