Jende asko jakin-min hutsez hurbiltzen da zine-aretoetara pelikula hau ikustera. Era berean, badaude erabakia nahita hartuta ere bertaratzen direnak. Edozelan ere, nork bere kordean erabakita zein ikusminak pizturiko gogoz, hurbiltzen garen guztion zalantza hauxe izan ohi da: hilkutxa, metxero, sakeleko eta aktore batekin, baliteke ordu eta erdiko pelikula bat burutzea? Irteten garenean, berriz, denon erantzuna baiezkoa izaten da. Litekeena da zinta interesgarri honen aktiborik handiena hauxe izatea.
Rodrigo Cortés Ourenseko zinemagileak burutu duen harribitxi honetan Paul Conroy (Ryan Reynoldsek maisuki gorpuzten duen pertsonaia) bahitua izandakoan, zurezko hilkutxa zahar baten barruan esnatzen da. Iraken kontratista zibil moduan lanean dabilen aita familiako estatubatuar honek, metxero eta sakeleko bat besterik ez du egoera zail honetatik alde egin ahal izateko. Duen estaldura eskasa nahiz oxigeno gordekin gutxi dira dituen areriorik maltzurrenak bizirik irauteko lasterketa zoro honetan. Lortuko ote du?
Zuzendari galiziarrak ez du oso ibilbide profesional luzea. Izan ere, sarituak izan diren zenbait laburmetraia kenduta, gomendatzen nabilen lan hau eta beste luzemetraia bat besterik ez baitu: “Concursante” (2007), alegia. Datu honek, nire uste apalean behintzat, are harrigarriago bilakatzen du Hollywoodeko hainbat bulegotatik igaro den gidoi interesgarri hau bere eskuetan amaitzea. Hala ere, ezin ukatu aurkeztu zaion aukera hau ederto baliatu duenik.
Zuzendariaren meritua handia bada, hein handi batean proiektu honek behar zuen aktorea aurkitzen bete-betean asmatu duelako da, inondik ere! Pelikula honi aktore bakar baten talentuak eusten dio. Hortaz, aktore egokia hautatzea funtsezkoa zen eta, lana ikusi ondoren, zer nahi duzue esatea... bada, niri ez zaidala Ryan Reynolds baino antzezle egokiagorik bururatzen. Nik uste zinta hau bera gabe ezin dela izan, beste pelikula bat izango litzatekeela, alegia. Ez dakit hobea ala txarragoa izango zen, baina beste lan bat litzateke inolako zalantzarik gabe. Reynoldsek bere pertsonaiak pairatzen duen egoera latzean bizi dituen sentimendu desberdinak zoragarri igortzen ditu, ea mugitzeko aukerarik izan gabe gainera! Zinez zaila den lana ederto borobiltzen du aktore amerikarrak. Txapela kentzeko modukoa!
Lan honen inguruan hitz egiten denean, beti aipatzen da begibistakoa den eragin zuzena: Mr Hitchcock. Jakina denez gero, aldez aurretik ezinezkoak ziruditen erronkak bere buruari jartzea zinemagile britainarraren gustukoa izaten zen. Normalean, Londreseko zuzendari potoloak aipaturiko desafioak maisutasun handiz gainditzen zituen; hori bai, zazpigarren artearen historian zehar Hitch bezalakorik ez dela izan esan gabe doa. Hala eta guztiz ere, Rodrigo Cortés aupada honetatik onik atera delakoan nago.