Carancho

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko aza. 25a, 12:43

 

 

Carancho (Caracara Plancus) hegazti harraparia duzue, etengabe balizko harrapakin baten bila dabilena, alegia. Halakoa da, hain justu, izenburu bera duen pelikula honetan azaltzen den Sosa (Ricardo Darín), taigabe bezero bila dabilen lizentzia gabeko abokatua. Zinta hau burutzeko ideia, Pablo Trapero zinemagile argentinarrak bere herrian bertan gertatzen den errealitate maltzur bati so eginda izan zuen. Argentinan urtero auto-istripuetan zortzi mila pertsona hil egiten dira, antza. Egunero batezbeste 22 lagun zendu egiten omen dira. Urtean-urtean ehun eta hogei milatik gora morroi zauriturik suertatzen ei dira. Zenbaki gordin bezain krudel hauek guztiek azoka zoro eta ulergaitza sortzen dute. Izan ere, aseguru-etxeak, arautegiaren ahuleziaz profitatuz, biktimek sortzen duten gastu mediku eta legal ikaragarriaz baliatzeko martxan jartzen baitira.

 

 Sosa, dagoeneko aipatu dugun moduan zinta honetako protagonista, auto-istripuetan aditua den abokatua da, zeina galduta duen lizentzia berreskuratzeko zorian dagoen. Berezo bila dabil, bai ospitale publikoetako larrialdietan, bai eta Buenos Aireseko aldirietako ehorztetxeetan ere. Ustez biktimak laguntzeko asmotan dabilen fundazio batean beharrean dago une honetan. Hori bai, fundazio horren benetako helburua guztiz bestelakoa izateaz gain, ilun samarra ere bada. Bestalde, Luján dugu, duela gutxi hirira iritsi den emakume gazte bat, medikua dena eta bizitza aurrera ateratzeko lan desberdin askotan aritzen dena. Enplegu-aniztasun hori dela eta, apenas du atseden hartzeko betarik... horrek, erritmoari eusteko, batek daki zer hartzen behartzen du. Bien arteko harremanak istorio interesgarri bezain latza eskeiniko digu.

 

Lan ilun honen atzean, gorago aitatu izan dugun eran, Pablo Trapero argentinarra dago. San Justoko zinemagilea 90eko hamarkadan sortu zen Argentinako zine berriko zuzendarien arteko adierazgarrienetakoa dugu. Bere lanen artean sonarik handiena lortu dutenak ondorengoak ditugu: “Mundo Grúa” (1999) eta “Leonera” (2008). Lehenengoak hainbat zinemalditan sariak eskuratutako lana da; bigarrenak, ordea, 2008ko Canneseko zinemaldian urrezko palma irabazteko izendapena jaso zuen, Pabloren zoritxarrerako urte hartako edizioan “Entre Les Murs” (2008) Laurent Cantet zuzendari frantziarrak burutu zuen lana irabazlea suertatu zen.

 

Azpimarratu beharreko zinta honen beste arlo bat aktoreen lana da, inolako dudarik gabe. Geure artean aski ezaguna den Ricardo Darínek (berriro ere bera, bai) txapela kentzeko moduko karakterizazio horietako bat zertu du oraingoan ere, bere kasuan ohitura bilakatzen ari den kontua dugu hau. Era berean, nabarmentzeko moduko jarduera da Martina Gusmánena, zeinak Lujáni, borobiltzen duen pertsonaiari, sinesgarritasun eta hurkotasun izugarriak ematen dizkion. Egia esate aldera, Argentinan duten aktore multzoaren kalitatea egundokoa da.

 

Zinera joateko arrazoiak eta motibazioak guztiz bestelakoak izan daitezke, den-denak zeharo errespetagarriak, bestalde. Zenbaitetan egunerokotasunetik ihes egin nahian hurbiltzen gara zine-aretoetara; bestetan, ordea, bere poro guztietatik egiazkotasuna igortzen duen kontakizun baten bila ibiltzen gara. Zeure burua bigarren talde honetan lekutzen baduzu, ez izan inolako ezbairik: hauxe da zure filmea! Aurtengo Canneseko zinemaldian parte hartu duen zinta latz eta eder honek gizakiok zein jitekoak izan gaitezkeen begien aurrean argiro jarriko dizu, inongo kupida barik gainera. Noiz edo noiz ispilu baten aurrean kokatzea eta ea zer-nolako isla bueltatzen digun konprobatzea oso terapeutikoa da, hau dela eta, era honetako lanak nahitaezkoak direlakoan nago.

 

Amaitzeko, zera aipatu nahi nuke, lan hau bizitzaren tankerakoa dela, hots, ez dela, ez zuria, ez beltza, grisa baizik. Hori bai, pelikula honetan gertatzen den moduan, hasieratik itxura txarra duena, maiz txarto amaitzen da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide