Bright Star- Izar Distiratsua

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko aza. 11a, 13:14

Literatura eta zinearen arteko harremana, jakina denez, aspaldikoa eta sendoa da. Hori bai, literaturak dituen atal guztiekin elkarlotura hori ez da maila berekoa izan, ez horixe. Hainbat izan dira pantailara ekarriak izan diren eleberriak, nobelista handien bizitzaren inguruko zintak hortxe daude, ipuinen mundua zinez emankorra izan da zazpigarren arteari dagokionean...

Literatura eta zinearen arteko harremana, jakina denez, aspaldikoa eta sendoa da. Hori bai, literaturak dituen atal guztiekin elkarlotura hori ez da maila berekoa izan, ez horixe. Hainbat izan dira pantailara ekarriak izan diren eleberriak, nobelista handien bizitzaren inguruko zintak hortxe daude, ipuinen mundua zinez emankorra izan da zazpigarren arteari dagokionean... baina, zer gertatzen da olerkigintzarekin? Olerkiak laburrak izaten dira, pantailaratzeko zailak diren kontzeptuak erabiltzen dituzte, irudien bitartez emateko eragozpen handiak planteatzen dituzten ideiak darabiltzate... Hori dela eta, zineak poemagintzari begiratu dionean, gomendatu behar dudan lan honetan gertatzen den eran, olerkari baten bizitza kontatzeko izan da eta ez bere lanaren inguruko hausnarketa egiteko. Zorionez, Bright Star (2009) filme eder honetan azken honi ere lekutxoa egiten zaio.

Olerkari erromantikoa den John Keatsen bizitzaren tarte bat kontatzen digu Jane Campion Zeelanda Berriko zinemagileak osatu duen pelikula interesgarri bezain desberdin honek. Kontakizunak, hiru urtetan luzatu zen Keats eta Fanny Bawneren arteko maitasun-harreman egiatan bitxia kontatzen du, zeina poetaren ezusteko heriotz goiztiarrarekin amaitu baitzen. Izan ere, olerkari britainiarra 25 urte besterik ez zituela pneumoniak jota zendu zen.

Dagoeneko aipatua izan den moduan, Jane Campion zeelanda berritarra da lan honen erantzule nagusia, zeren eta ez soilik zuzendu, zintaren gidoia ere berea baita. Historian zehar lau baino ez dira izan Oscar sarietan zuzendari onenari dagokion premioa eskuratzeko izendapena jaso duten emakumeak, eta euren artean Campion dugu. Izan ere, “El Piano” (1993) filmearen bitartez izendazioa jaso baitzuen. Koroa, berriz, ezin izan zuen poltsikoratu, urte hartan “La Lista De Schindler” (1993) lan bikainarekin Steven Spielbergek irabazi zuen eta. Izendapena jaso duten beste hiru emakumeak hauexek dituzue: Lina Wertmüller “Siete Bellezas” (1975) izeneko lanagatik, Sofia Coppola “Lost In Translation” (2003) delako zintari esker eta Kathryn Bigelow “En Tierra Hostil” (2008) pelikularekin, dakizuenez irabazi duen bakarra.

Bestalde, Jane Campionek borobildu duen azken lan hau mundu-mailan sona handia duen Canneseko zinemaldian urrezko palma eskuratzeko izendatua izan zen. Oraingoan ere saria ez jasotzea egokitu zaio Zeelanda Berriko zuzendariari, zeren eta azkenean Apichatpong Weerasethakul zinemagile tailandiarrak, gure artean oraingoz estreinatu ez den El tío Boonmee que se acuerda de sus vidas anteriores” izeneko lanari esker, kendu baitzion.

Abiadura geldoan kontatzen den gairaiko narrazio baten aurrean gaude. Honek ez du esan gura, ezta hurrik eman ere!, erritmo moteleko zinta denik, kontakizunean zehar gauza askoren berri izaten baitugu. Hortaz, lanaren erritmoa, ez abiadura, ez da batere mantsoa. Zuzendariak bere buruari erronka zinez zaila jarri egin dio, ezen... zelan harrapa daiteke kamerarekin olerki baten muina? Neuri behintzat, ezinezkoa iruditzen zait. Dena den, Campionen filmea ikusi ondoren, lortzetik oso gertu egon dela aitortu beharra daukat. Arlo batean, bederen, zinta arraroa da hauxe, pantailan ikusten duguna batere atsegina izan ez arren, pelikula ederra da, inondik ere!

Amaitzeko, hausnarketa txiki bat zuokin partekatzea gustatuko litzaidake. Honakoa hau duzue: Artearen munduak duen krudeltasuna, hain zuzen ere. Maiz gerora talentu handiko artistatzat joak izan direnak, euren adimena onartua izan gabe eta erdipurdikoak direla pentsatuz hil egiten dira, lan honen protagonistari gertatzen zaion moduan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide