Talde Basatia- The Wild Bunch- Grupo Salvaje

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko urr. 28a, 12:51

 

 

Agindu nuen moduan, klasikoei eskeintzen diedan baztertxo honetan western bat aholkatzeko unea iritsi da. Aukeraketa zinez zaila izan da. Ez nion dagoeneko gomendatu dudan pelikularen bateko zuzendari beraren lan bati aipamena egin nahi eta honek, jakina, aukerak dexente murrizten zituen. Oraingoz gure txokotxo honetan azaldu ez den zuzendari baten zinta baten bila ari nintzela, burura etorri zitzaidan izen bat, maiz aipatzen den horietakoa ez dena. Zein eta Sam Peckinpah, alegia. “Grupo Salvaje” (1969) klasiko ukaezina da eta hau defendatzeko argudio asko egon daitezke. Euren artean, nire uste apalean behintzat, pelikulari hasiera ematen dion sekuentzia dotorea dago, aurkakotasun ederra barnebiltzen duena: Alkoholaren aurkako hitzaldi sutsu bat gertatzen ari dela, lapurretan hasi aurretik, soldadu mozorraturik egonik, gaizkileek adineko andra bat gizalegez lagunduko dute. Itzela benetan!

 

 Peckinpahk maisutasun handiz borobildu zuen artelan honetan, bankulapur-beteranoen talde bat, legea betetzen ez duena eta Mexiko eta AEB-en arteko mugan mugitzen dena, Mexikoko armadak eta sari bila diharduten morroi batzuek inguratuta suertatuko da. Askoren ustez, historiako western onenetako baten aurrean gaude. Mingostasun handiko lana da, inondik ere!

 

Zinta hau zuzentzeaz gain, filmearen gidoian ere kolaboratu egin zuen Kaliforniako zinemagileak. Peckinpahk, telebista, antzerki eta zinearen munduan aritu izan bada ere, azken honetan jaso izan du onarpen handiena, inolako zalanztarik gabe. 60 eta 70eko hamarkadetan gertatu zen zinearen berpizkundearen erantzule handienetakoa dugu zuzendari amerikarra. Zertan esanik ez, bere lanetan agerikoa izaten den gehiegizko indarkeria da dituen ezaugarrien artean sonatuena. Ez dira gutxi kaliforniarrak zertu dituen lan handiak, besteak beste: “Mayor Dundee” (1964), “Perros De Paja” (1971) , “La Huida” (1972) , “Pat Garrett y Billy The Kid” (1973) edota “La Cruz De Hierro” (1977).

 

Zuzendariaren ibilbide profesionala handia izan bada, pelikula honek duen aktore-zerrendako kideena ere ez da makalagoa, ez horixe! Atera kontuak bestela! Antzezleen artean William Holden, Ernest Borgnine edota Robert Ryan daude, zein baino zein begirune handiago eskuratutakoa. Aktore sendo eta emaitza ona bermatzen duten horietakoak dira denak, lan honetan bereziki ondo daudenak, gainera.

 

Ez dira gutxi lan honek dituen alde onak, baina bakan batzuen aipamena egingo dut gomendio hau larregi ez luzatzearren. Hasteko, western batek izan behar dituen elementu guztiak barnebiltzen ditu, era adimentsuan jorratuta gainera. Jazarpen ahaztezinak, boterea lortzeko borroka, lapurretak, biolentzia... umore-tantatxoak ere ahaztu gabe. Segitzeko, ezin aipatu gabe utzi era honetako lanetan beste pertsonaia bat bilakatzen den elementu garrantzitsu bat: paisaia, alegia. Irudi zinez ederrak jartzen ditu geure begien aurrean Peckinpah handiak, planoen arteko trantsisio dotoreak ahantzi gabe. Bukatzeko, pertsonaiek duten aberastasuna aipatu gura nuen. Izan ere, denek geruza bat baino gehiago baitute: gaizkileak izanda ere, duten ohoreak euren arteko loturari eusten dio, ustez pertsonaia positiboak direnek ere alde iluna dute...

 

Amaitzeko, lan ikaragarri honek duen sekuentzia ahaztezin bat azpimarratzea gustatuko litzaidake: Armak osteko burutzen duten tren-ebasketarenaz ari naiz. Plano-multzo honen egituraketa ezin hobea da, tentsio handiko eszena bat zelan errodatu behar den erakusten duen lezio ederra dugu, soberan segundu bat ere ez duena. Primeran Peckinpah jauna!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide