Azken aldi honetan, asko izan dira zazpigarren artean apokalipsiaren inguruan zertu diren lanak. Badirudi munduaren akaberarekin nolabaiteko obsesioa dagoela Hollywoodeko inguruetan. Espero dezagun zinearen akabua iragartzen duen zelanbaiteko seinalea ez izatea! Zinemagile amerikarrek gai hau jorratzen ahalegindu direnean gehienetan nahiko emaitza eskasak lortu izan dituzte. Gaurkoan gomendutuko dudan lan hau ordea, “The Road” (2009) izenekoa hain zuzen ere, salbuespen argia dugu, kalitate handiko lan baten aurrean gaude eta.
Akaso horren urrun ez dagoen balizko etorkizunean kokatzen da zintaren kontakizuna. Zinez goibel eta apokalipsiaren osteko mundu batean aita eta bere semea paraje seguru baten bila ari dira. Hondamendi misteriotsu batek planeta osoa txikitu egin du, hauxe da pelikularen protagonistek pairatu behar duten ingurua euren lasaitasunaren bilako bidaia desatseginean. Beren ibilaldian zehar bizirik geratzen diren gizasemeekin egingo dute topo, zeintzuk edo zoratu egin diren, edo gizajale bilakatu diren...
Lan hau Cormac McCarthy idazle amerikarrak 2006an idatzi zuen eleberri izenkidean oinarrituta dago. McCarthyk nobela honi esker 2007ko Pulitzer saria fikzio atalean eskuratu zuen. Bestalde, ez dugu ahaztu behar idazle honen beste eleberri batean oinarriturik Coen anaiek “No Es Pais Para Viejos” (2007), egun arte aitorpen handiena eskuratu duen euren lana, borobildu zutela. Oraingo honetan ere nabelaren izenburua errespetatu zuten jatorri judua duten zinemagile estatu batuarrek. Komeni da argitzea, baina, McCarthyren liburua 2005ekoa dela. Zinea eta Cormac McCarthyren arteko harremana ez da hortxe amaitzen, ezta gutxiagorik ere! 1992an idatzi zuen “All The Pretty Horses” eleberria, trilogia baten atala dena eta National Book Award izeneko saria eskuratu zuena, 2000 urtean Billy Bob Thortonek aukeratu zuen bere bigarren luzemetraia burutzeko. Bukatzeko, Todd Field amerikarrak 2010ean lan berri bat estreinatuko du, McCarthyren beste liburu batean oinarrituta egongo dena. Oraingo honetan 1985ean idatzi zuen “Meridiano De Sangre” izeneko lana izan da zinemagilearen aukera. Argi dagoenez, egile preziatua da Cormac McCarthy zinearen industrian.
Hasierako materiala primerakoa izanda ere, kasu honetan gertatzen den moduan, aktore-multzo on bat izan ezean ez dago zereginik, ez da emaitza onik lortuko. Ezin esan, ordea, zinta honen arazoa denik, ezta hurrik eman ere! Pelikula honek euren agerpen hutsarekin pantaila betetzen duten profesionalak barnebiltzen ditu, hala nola, Viggo Mortensen eta Kodi Smit-McPhee, aita eta bere semearen rolak maisuki antzezten dutenak. Viggorengandik espero zitekeen halako karakterizazioa, oso antzezle sendoa baita. Ezagunak dira borobildu dituen karakterizazio bikainak, bereziki David Cronenberg zuzendari kanadiarraren agindupean. Beste kontu bat da semearen papera bikain betetzen duen aktorearena. Neuretzat behintzat, erabat ezezaguna da eta zinez antzezteko rol zaila du. Hala eta guztiz ere, zeharo sinesgarri bilakatzen du bere pertsonaia, meritu handikoa dena.
Pelikula honen zuzendaria John Hillcoat australiarra da. Hauxe bere 3. lana da eta beste hiru ditu estreinatzeko data baten zain: telebistarako animazio-zinta bat, arraskata handiko “Red Dead Redemption” izeneko bidoejokoan oinarritutako mediometraia, eta beste bi luzemetraia, Hollywooden izen handia duten zenbait aktoreekin, hala nola, Christian Bale, Shia LaBeouf, Ryan Gosling edo Amy Adams. Ez da bereziki ezaguna den zinemagilea; jendeari galdetuz gero, ez dut uste bere izena hasierako postuetan agertuko zenik. Hala ere, filme honetan argi uzten du kalitate handiko profesionala dela, zinta ondo egituratuta eta planifikatuta baitago. Pantailaratzen dituen irudiek indarra eta sinesgarritasuna igortzen dute eta lan osoan zehar interesari eusten dio inolako arazorik gabe.
Gauzak argi utzi aldera, hasieratik zenbait kontu argitzea komeni da. Zinta hau ez da batere erraza ikusteko, deserosoa da erabat zuzendariak planteatzen duen eszenaratzea. Lan honen tonua erdiragarria da guztiz eta kontakizuna segitzeak ikusleari ahalegin txiki bat eskatzen dio, ez berebizikoa egia esateko, baina narrazioa lineala ez dela kontuan izan behar da, kontaketa denboran aurrera eta atzera saltoka dabil eta.
Amaitzeko, aurtengo Oscar sarietan ahaztua izan den pelikula baten aurrean gaudela komentatzea gustatuko litzaidake, inongo izendapenik jaso ez baitu. Are larriagoa da auzia, berrikuntza gisa, aurtengo edizioan pelikula onenari zegokion sarirako 10 hautagai egon direla kontuan hartzen badugu. Erabat sinestuta nago hainbat kandidatu baino bikaintasun handiago duela guztiz gomendagarria den zinta honek.