Datozen egunetan Luis Vil Amurrioko musiko eta zinemagilearen bigarren lana geure eskualdean estreinatuko da, herri desberdinetan gainera. Honakoak dituzue aurkezpen-pase hauen datak: irailaren 26an 18:30etan Amurrioko Antzokian, urriaren 2an ordu berean Urduñako Kultura Etxean eta, amaitzeko, bai urriaren 3an 18:30 etan, bai hil beraren 16an 13:30etan Laudioko Lanbide Heziketa Udal Ikastetxeak duen zine-aretoan. Azken pase hau, halaber, Osasun Mentalaren Munduko eguna dela eta antolatuko diren ekitaldien barruan txertaturik egongo da.
Metraje ertaineko filme honen izenburua “Flores de papel” da. Dokudrama honetan buruko gaixotasun bat pairatzen duten bi pertsonen gorabeheren berri emango digute. Kontua zera da: ezkontzea erabakiko dute, baina... zelan ez!, oraingoz erabat baztertuta dagoen kolektibo baten kideak izaki, euren nahia egi bihurtzeko oztopo franko topatuko dituzte. Zorionez ez dute etsiko eta Elkarte bateko kide batzuen laguntza estimagarriari esker aurrera egiten ahaleginduko dira.
Bestalde, ez dugu ahaztu behar Luis Vilen aurreko zintak, “El Secretista” izenekoak, Amurrion ospatzen den Begibistan jaialdiko azken edizioan, Infobistan ataleko bigarren saria eskuratu zuela.