Blockbuster elea, hasiera batean behintzat, Erresuma Batuak ibiltzen zituen lehergailu batzuk izendatzeko erabiltzen zen. Bonba hauek eraikin-multzo oso bat eraisteko gaitasuna ba omen zuten. Egun, aipaturiko berbak, berriz, oso denbora gutxian emaitza komertzial bikainak eskuratzen dituzten pelikulei egiten die erreferentzia. Hau honela, asteon aholkatu behar dudan lana Blockbuster bat dela esan gabe doa. Hori bai, ezin esan edozelako Blockbusterra denik, zinta hauek izan ohi dituzten ezaugarri guztiak betetzen ez dituelako. Lan hauek ekuarki efektu berezi izugarriak erakusteko aitzakia hutsa izaten dira. Origen (2010), filme honen inguruan ari bainaiz, ikusgarritasuna faltan ez duen pelikula da, noski; baina handitasun hori guztia gai sakonen gainean aritzeko desenkusa baino ez da, eta ez azkenengo helburua normalean suertatzen den lez. Ametsen inguruko lana dugu eta pertsonaia batek une batean dioen moduan, “Amets egin behar baduzu, bonbazia handian egin ezazu”. Hauxe izan ei da, Christopher Nolan zuzendariak zinta hau sortzean izan duen leloa, emaitzak ikusita bederen.
Nolanen zazpigarren lana den honek Dom Cobb (DiCaprio) izeneko pertsonaiaren istorioa kontatzen digu. Erauzketa izeneko artean munduko onena da Cobb, hots, amesten ari den lagun baten subkontzienteak gordetzen dituen sekretuak osten. Gaitasun horrek oso baloratua den profesional bilakatu duen arren, daukan eta estimatzen duen guztia ere kendu egin dio: seme-alabak ikusteko aukerarik gabe utziz, esate baterako. Honi guztiari buelta emateko parada aurkeztuko zaio azken lan bat eginez, hori bai, oraingo honetan sekretuak ebatsi barik, ideia berri bat “erein” beharko du morroi baten burmuinean. Cobbek, noski, bere lantaldearekin batera, zeregina onartuko du. Hala eta guztiz ere, kontu guztia korapilatuko da ezustean Cobbek baino aurrikusi ezin duen arerio latz batekin topo egiten dutenean.
Irudien anabasa honen erantzulea Christopher Nolan dugu, zeren eta ez soilik zuzendu, gidoia ere idatzi baitu. Aurretik esan dugun moduan, britaniarrak zazpi lan ditu borobilduta. Den-denak oso pertsonalak badira ere, oraingo honetan bere zintarik propioena egin du. Pantailan ikusten den guztiak zinemagile berezi honen burmuin konplexuaren marka darama. Hainbat dira Nolanen zinemak dituen ezaugarriak, hala nola, narrazio ez-lineala eta zatikatua, irudi indartsuak, azken une arte argitzen ez den misterioa, originaltasun handia ematen dion berezko muntaia... Zuzendari britaniarrak pelikula handiak burutu ditu orain arte. Nire uste apalean, azpimarragarrienak ondorengo hauek izaki: “Memento” (2000) eta “The Dark Knight (El Caballero Oscuro)” (2008). “Memento” (2000) aparteko lanarekin Oscar sarietan izendapen bi eskuratu zituen: Muntaia eta jatorrizko gidoirik onenei zegozkienak, alegia. ”The Dark Knight (El Caballero Oscuro)” (2008) zinta dotorearekin, berriz, erdietsi zituen zortzi izendapenetatik bi Oscar sari poltsikoratu zituen: Heath Ledgerrek bigarren mailako aktorerik onenari zegokiona irabazitakoa eta soinu-muntaiarik onena saritzen duena, hain zuzen ere.
Nire ustetan lan honek biltzen duen aktore-multzoak aipamen berezia merezi du, inondik ere! Alde batetik, Leonardo DiCaprio dugu. Kaliforniako antzezlea gero eta hobeto kokatzen ari da horren krudela eta zorrotza den Hollywood bezalako toki batean. Argi dagoenez gero, Scorseseren azken aktore fetixa izateak lagundu dio. Bestalde, Tom Berengerren kasua dago. Aspaldi honetan intereseko ezertxo ere ez zuen eginda. Nolanengan oso ohikoa da era honetan jokatzea, hots, aktore aukeraketa arriskutsuak egitea, hala nola, David Bowie “El Truco Final: El Prestigio” (2006) pelikularako edo Robin Williams hiltzaile baten moduan “Insomnio” (2002) lanean. Ez dugu ahaztu behar, halaber, bere filmetan zenbait antzezle askotan agertzen direla, esate baterako, behin baino gehiagotan bere talisman izendatu duen Michael Caine edo Cillian Murphy irlandarra. Oso gustuko du zuzendari britainiarrak nazioarteko aktoreen zerrendak osatzea.
Nahiz eta orain arte aipatutakoa meritu handikoa den, pelikula honek gainditu behar duen erronkarik handiena gidoia da, inolako zalantzarik gabe. Izan ere, pertsonaia berberek une berean bizi dituzten lau istorio desberdinak kontatzen baititu, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez horixe! Egia esateko, egun Nolan baino ez dut ikusten halako desafio bati aurre egiteko gauza. Zinta honen konplexutasuna horren da handia, ezen ikuslea galdurik ez sentitzea nahikoa baita... eta nik uste lortzen duela. Ametsen mundu iheskorrean zintaren gorabeherak kokatzea dema arriskutsua da, zinez. Pelikularen leloak dioen eran: “delitua zure burmuinean lekutzen da”.
Elkarrizketaren batean DiCaprio jaunak filme honek zinearen mundua irauli behar duela zioen. Antzeko zerbait adierazi zen “Avatar” (2009) James Cameron zuzendariaren lana estreinatu zenean. Egia esteko, 100 urte baino gehiago duen arte-diziplina bat hankaz gora jartzeak ez du batere erraza izan behar eta, zer nahi duzue esatea... nire iritziz, ez batak, ez besteak, ez dute lortu.