Jaws- Barailak- Tiburón

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko ira. 9a, 08:46

 

 

Duela 35 urte Steven Spielberg hasiberri batek AEBetako kostalde osoa ikaratu egin zuen Jaws (1975) izeneko peikularekin. Inork gutxik adierazi zuen lan harekiko konfiantza handirik baina, iragarpen guztien aurka, data hura iritsi arteko zintarik ikusiena bilakatu zen. Hauxe da klasiko berriei eskientzen diedan atal hau osatzeko hautatu dudan bigarren filmea.

 

Pelikula Peter Benchleyk 1974an argitaratu zuen nobela izenkidean oinarrituta dago. Bitxia dena zera da: idazleak eleberria eman arte lanaren izenburua ez zuela erabaki. Behin betikoz geratu zen Jaws izen bikaina baino lehen buruan beste batzuk ibili zituen, hala nola, “Leviathan Rising” edo “The Jaws Of Death”. AEBetako ekialdeko kostaldean kokaturik dagoen herri turistiko batean lekutzen da istorioa. Marrazo handi batek zenbait lagun erasotuko ditu. Herrixkako alkatea, eurentzako garrantzi itzela duen turismoa arriskuan ikusirik, berria zabaltzearen, eta beraz, hondartzak ixtearen kontra kokatuko da. Erasoek, baina, segituko dute eta, hori dela eta, animalia ehizatzea beste aukerarik ez da egongo. Honetarako, marrazo-ehiztari beterano, zientzialari eta polizia-buruak talde bitxi samarra osatuko dute.

 

 Jaws Spielbergen bosgarren lana da. Beraz, zuzendari amerikarraren filmografia luzean hasieran kokatzen den zinta dugu. Ez da hau edozelako datua, zeren eta hasierako filme bat izateko, arrakasta handia lortzeaz gainera, zenbait sari garrantzitsu ere poltsikoratu baitzituen. Euren artean hiru Oscar sari: soinu, soinu-banda eta muntaia onenari zegozkionak, hain zuzen ere. Sariez ari garela, baina, kontua hortxe ez dela bukatzen gogoratzea komeni da. Izan ere, soinu-banda onenari zegokion urte hartako Urrezko globoa ere eskuratu baitzuen. Sariek argi uzten duten eran, lan honetako musika ikaragarri ona da. Hala eta guztiz ere, John Williamsek konposatu zuen partitura zuzendariari erakutsi zionean, azken honek oso balorazio eskasa egin zuen. Denborarekin, hala ere, iritsiz aldatu behar izan zuen, musika hori pelikularen arima baita.

 

Pelikula honen zuzendaria Hollywoodeko boteretsuenetakoa da eta datu hau berresten duen argudio bat hauxe dugu: aurkezpenik behar ez duen gizasemea da. Maila horretara soilik oso gauza handiak egin dituzten gizakiak iristen dira eta Steven Spielberg euretako bat da, inolako dudarik gabe. Filmografia luze bezain arrakastasua du. Azken honengatik, nire uste apalean behintzat, hasiera batean ez zioten aitortu merezi duen onespena. Ohion jaio zen zinemagile amerikarrak lan bikainez trufatutako filmografia du, hala nola, gomendatzen ari naizen hau, “Encuentros En La Tercera Fase” (1977), “En Busca Del Arca Perdida” (1981), “E.T., El Extraterrestre” (1982), “La Lista De Schindler” (1993), “Salvar Al Soldado Ryan” (1998) edo “Minority Report” (2002), bakan batzuk aipatzeagatik. Ondorengoa kontuan izateko beste datu bat da: Zuzendari onenaren Oscar saria birritan duela irabazita: “La Lista De Schindler” eta “Salvar Al Soldado Ryan” lan ikaragarriengatik, hain zuzen ere.

 

Gizonezkoek protagonista diren zinta bat dugu Jaws hau, rol nagusiak eurak burutuak baitira. Hirurak ederto badaude ere, aipamen berezia egin behar da Robert Shawren kasuan. Bere rola gozoki bat da, halaxe da bai; dena den, behin baino gehiagotan adierazi dudan moduan, era honetako aukerak baliatzen jakin behar da eta berak ezin hobeto heltzen dio Spielbergek luzatzen dion abaguneari. Kontuan izan behar dugu, gainera, Shaw ez zela ekoizleek maneiatzen zuten lehenengo aukera, euren apostua “Johnny Guitar” edo “Atraco Perfecto” bezalako lan handietan arrakasta lortua zuen Sterling Haydenen aldekoa baitzen. Berea ez zen adibide bakarra izan, baina. Izan ere, zuzendariak pelikulan aritzeko aktore ezagunak zituen buruan: Lee Marvin, Robert Duvall edo John Voight, kasu. Baina ekoizleen iritzia bestelakoa zen, euren ustetan egiazko protagonista marrazoak berak behar zuelako izan. Nire uste apalean denborak ekoizleei eman die arrazoia, zinearen historian zehar beti hala suertatu ez bada ere.

 

Zein garaitan burutu zen kontuan izanda, filmazio korapilatsua izan zela baiezta daiteke. Hau berresten duen datu argigarri bat honako hau duzue: pilatu zuten atzerapena 60 egunekoa izan zela. Hau dela bide, ekoizleak zuzendaria kaleratzeko zorian egon ziren. Erabili zuten marrazo mekanikoarekin ere arazo larriak izan zituzten, gehientan ez zegoen erabiltzeko modurik. Honexegatik Spielbergek, zenbait sekuentziatan behintzat, marrazoaren egotea iradokitzea proposatu zuen, emaitza artistiko oso onak eman zuena, suspentsea areagotu zuen eta. Amaitzeko, ez dakit zuotako askok “Buscando A Nemo” izeneko pelikula ikusita duzuen. Aipaturiko lanean marrazo zuri bat agertzen da, Bruce izenekoa, alegia. Bada, hauxe zen filmazioan zehar marrazo mekanikoari jarri zioten izena, omenaldi batez ari gara, hortaz. Horiek honela, garai hartako Spielbergen abokatuaren izena zein zen galdetuz gero, asmatuko zenukete?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide