Beste klasiko bati lekutxoa egiteko garaia iritsi zait. Oraingo honetan ere zine beltza hautatu dut. Aitortu beharrean nago: genero guztiak gustuko baditut ere, guztien artean badago bat plazer bereziaz atsegin dudala: zine beltza, noski! Hala eta guztiz ere, hurrengoetan bestelako generoei, hala nola, western zein musikalari, kasu egingo diedala agintzen dizuet. Eurak ere, zinearen urrezko garaiaren zati garrantzitsua izan dira eta.
John Hustonek zuzendu zuen lan honek gerrako beterano batek kide ohi baten alarguna eta aita bisatatzen ditueneko gorabeherak kontatzen ditu. Ekintza Cayo Largon kokatzen da eta den-dena izugarri korapilatuko da zonalde hartan horren ohikoak diren ekaitzetako bat sortzen denean. Ekaitza hori dela eta, bisita jaso dutenek zuzentzen duten hotelean ostatu hartuta dagoen gangster-koadrilak mozorroa kendu beharko du, bertako guztiak bahituz.
Pelikula baten osagaiak, hots aktoreak eta gidoia, zein sukaldaria, hau da zuzendaria, onak direnean, aukera handiak daude lan hori kategoriazkoa izateko eta Cayo Largo (1948), zertan esanik ez, ez da salbuespen bat, maisulan baten aurrean baikaude. Aktoreen lana izugarria da. Multzo ezin hobea osatzen dute: Litekeena da Edward G. Robinson zinearen historiako gangsterrik onena izatea, Bogarti buruz dena esanda dago eta ordurako bere emaztea zen Bacallekiko zuen kimika mundu osoan ezaguna da. Dena den, azpimarratu nahiko nuke bigarren mailako aktoreen eginkizuna, ikaragarria baita. Zine klasikoaren garaian bigarren mailako aktore-multzo izugarria zegoen. Askotan profesional berberak lan desberdinetan aritzen ziren eta hori zela eta, euren aurpegiak ezagun bilakatzen ziren erabat, kasu batzuetan protagonistak beraiek baino ospe handiagoa eskuratzen zutela. Euren profesionaltasuna guztiz ziurra zen, langile fin eta bikainak izaki, egokitutako rola ezin hobeto burutzen zuten sekula eta beti. Lionel Barrymore edo, bete zuen lanari esker, Oscar saria irabazi zuen Claire Trevor bigarren mailako aktoreak izanda ere, lehen mailako profesionalak ziren, inongo zalantzarik gabe.
Filme honen zuzendaria oso gizaseme berezia dugu: John Huston handia, alegia. Huston ez da zinemagile soil bat, ezta hurrik eman ere! Idazle, kazetari, boxeolari, militar, ehiztari... interes anitzeko pertsona zen Nevadako zinemagilea. Bere filmografian gorabehera handiak dauden arren, zazpigarren artearen historian artez sartu diren lanak egon badaude, eta ez gutxi: “El Halcón Maltés” (1941), “El Tesoro De Sierra Madre” (1947), “Cayo Largo” (1948) hau, “La Reina De Africa” (1951), “El Honor de Los Prizzi” (1985) edo “Los Muertos” (1987) adibide bakan batzuk aipatzearren. Mozkor ofiziala zen, bere bizitza pribatua ogibide honen beste genio batentzat zinta handi bat burutzeko iradokimena izan zen. Clint Eastwooden “Cazador Blanco, Corazón Negro” (1990) lanaz ari naiz, non Hustonek elefante bat ehizatzeko benetako asmoa zuela “La Reina De Africa” (1951) filmatu zueneko teoria defendatzen den.
Orain arte, hortaz, komentatu dugu asagaietako bat, aktoreak, kalitate handikoa dela. Sukaldariak, hots zuzendariak, halaber, berezia izanagatik ere, talentu eskerga duela. Osagai bakarra falta dugu: gidoia. Maxwell Andersonen lanean oinarrituta, Richard Brooksek, Hustonen laguntza estimagarriarekin noski, gidoi sendo bezain interesgarria eraiki zuen. Tentsioari une oro eusten dion testua dugu, egia esateko eginkizun hau betetzeko ez dago klasikoak bezalakorik. Esan dugun guztiagatik, beraz, aukera guztiak daude zinta hau kategoriazkoa izateko eta, zin dagizuet, abagune horiek guztiak berresten dira kasu honetan, inondik ere!
Zeluloide-puska honi esker Claire Trevorrek bigarren mailako emakumezko aktorerik onenari dagokion Oscar saria eskuratu zuen. Urte hartako edizioan bitxikeria bat gertatu zen. Izan ere, Hustonek hurrenez hurren borobildutako lan bik izendapenak eta sariak jaso baitzituzten. Alde batetik zinta honek irabazitako saria dugu eta, bestetik, “El Tesoro De Sierra Madre” aurreko urtean zertu zuen lanari esker beste hiru sari poltsikoratu zituen: gidoiari zegokiona, aitarentzako (Walter Huston) saria, Clairek irabazitako bera baina gizonezko aktorearena, eta, bide batez, bere buruari zuzendari onenaren saria ere opararitu zion. Ez dago batere gaizki, ezta?
Bukatzeko, pelikularen pasarte batean entzuten den hausnarketa bat gogora ekarri nahiko nuke, hauxe da: “Litekeena da mundua usteldurik egotea, baina ezer ez dago galduta bere alde borrokatzeko norbait prest dagoen bitartean”. Gogoeta ederra da, inongo zalantzarik gabe. Beste kontu bati egiten dio erreferentzia noski, baina niri zinearen alde borrokatzeak merezi duela pentsatzea gustatzen zait.