Ba al zenekiten jubilatu “jubilatio” latinek duen berbatik datorrela? Ba al zenekiten aipaturiko hitzak poztasuna esan gura duela? Ezagutzen al zenuten gaztelaniak duen “trabajólico” elea? Neuk behintzat, ez. El Regalo izeneko pelikula txiletar honi esker kontu hauen guztien berri izan dut. Honetaz ari garela, “trabajólico” mintzoak honi egiten diola erreferentzia argitu behar dut: lanarekiko menpekotasuna duen pertsona da, alegia. Hau honela, ez dut uste, lan honetan ezin argiago azaltzen diguten bezala, gaixotasun honek jota dagoen lagun batentzako jubilazioa pozteko moduko zerbait izango denik.
Filme honetan Franciscoren gorabeherak kontatzen dizkigute, baina ez edozelakoak, ez. Zeintzuk eta jubilatu eta gerokoak! Izan ere, Francisco alarguna izateaz gainera, jubilatu berria ere bada. Askok pentsa genezakeen zorte handia duela, askoren itxaropena baita jubilazioa iristea, nahi dugun guztia egin ahal izan dezagun denbora libre asko izateko, hain zuzen ere. Ez da hau bere kasua, ez horixe! Francisco bolada txarra ari da pasatzen, ez baitu bere denbora libre hori guztia betetzeko inongo grinarik. Bere urtebetzea gertu dagoenez gero, lagunek bolada horretatik ateratzen laguntzeko asmotan opari bat egitea erabakiko dute. Zer eta Chillán izeneko ingure batean dauden ur beroetan oporralditxo bat elkarrekin pasatzea. Ez hori bakarrik, baizik eta gazte-denboran neskalagun izan zuen andra bat eramatea ere deliberartuko dutela. Baina, badakizue... burubideak gutxitan irteten dira nahi dugun eran.
Zinta honek berezitasun bat du... beno, ez dakit kasu honetan berezitasun hitza egokiegia den, zeren eta zuzendari bi dituzten lanak gero eta gehiago baitira. Hala eta guztiz ere, zuzendari bikote honek pantailaratzen dituen gaien sakontasuna ez da gutxi, inondik inora! Atera kontuak, bestela: lanaldia bukatzean sortzen diren arazoak ez al dira pentsatzeko moduko gaiak? Bat-batean dugun aisialdia betetzen ez jakitea ez al da arazo larria? Betiko orduan esnatzea eta tupustean eguneroko rutinen zentzu-ezari erreparatzea ez al da beldurgarria? Derrepentean geure baliagarritasuna kolokan jartzea ez al da baina izutzeko moduko kontua? Seguru nago pelikula hau ikusteak zer pentsatu emango dizuena, ez baita batere zaila protagonistaren egoeran nork bere burua irudikatzea.
Badago bete beharreko hasierako baldintza bat pelikula on bat egiteko garaian, eta hauxe da: kalitatezko gidoi sendo bat izatea. Cristián Galaz eta Andrea Ugalde zuzendari txiletarren lanak betetzen duena, horren gainean dudarik ez dago. Oso deigarria egin zait egiaztatzea zein era adimentsutan erabiltzen dituzten metaforak. Adibide gisa bi sekuentzia ekarriko ditut gogora. Hasteko filmea irekitzen duen plano-multzoa dugu, non maisuki erkartzen den izar baten amaiera lanaldiaren akabuarekin, protagonistak bere azken lan-egunean distira izatea lortzen du, izar bat bailitzan. Bestalde, dado-partidarena dago, mahai-inguruan bildutako jokalarien arteko tirabirek ez diote soilik erreferentzia egiten jolasari, ezta hurrik eman ere! Lerro artean dagoena zera da: esaten ditugunetan konfiantza handirik izateak ez duela merezi, alegia.
Gorago nioen eran, zinta honek zuzendari bi ditu: Cristián Galaz eta Andrea Ugalde, hain justu. Ez dut datu handirik emateko zinemagile hauen inguruan. Izan ere, hauxe Andrearen estreineko lana dugu eta Cristiáni dagokionean zera esatea dago: beste filme bat duela zuzenduta, “El Chacotero Sentimental” (1999), bai eta “Heroes” izeneko telesailaren zenbait atal ere. Hala eta guztiz ere, lan honetan lan izugarria borobiltzen dute, inondik ere! Gauza bera esan daiteke aktoreen inguruan, inongo zalantzarik gabe. Sinesgarri daude erabat euren roletan, den-denak. Hori bai, nire uste apalean behintzat, hauxe aipatu beharra dago: darabilten hizkuntza dotore horrek izugarri laguntzen diela, dedio!
Hitz batez, lan interesgarri baten aurrean gaudela, zeinak ondorengo lezio garrantzitsu hau irakasten digun: Gaizki gaudenean, dena edukita ere, ez dugula ikusten.