Zazpigarren artearen historian hainbat izan dira trilogia itxura hartu duten lanak, hala nola, “El Señor De Los Anillos”, “El Padrino”, “Matrix”... bai eta gomendatu behar dudan zinta honek osatzen duena ere: “Toy Story”, alegia. Azken hau, ordea, trilogia bitxia da, inondik ere! Izan ere, zenbait zio aparteko bilakatzen dute. Hasteko, lehenengo atalak animazio-mundua, ezagutzen genuen eran behintzat, irauli egin zuen zinta mitiko bihurtuz. Bigarren atalak, bestalde, zinearen munduan maxima konbertitu den esaera, hots, “bigarren atal onik ez dago ”, hankaz gora jarri zuen, kalitate handiko eta hasierakoa baino hobea den filmea baita. Amaitzeko, gure artean estreinatu berri den hirugarren atal honek aurrekoetan iradokitzen ziren zenbait gai sakonago garatu egiten ditu, pelikula multzoari lan osoaren planta emanez.
Azken atal honetan Andy, jostailuen jabea den umea, koskortu egin da eta unibertsitatera joateko prestatzen hasi da. Honek guztiak jostailuen artean ziurgabetasuna ekarriko du, noski. Andyk nagusitu ahala, espero zitekeen lez, jostailuak gero eta gutxiago ibiliko ditu. Kontua da, prestakuntza akademikoak eskatuko dion etxe-aldaketa dela bide jostailuekin zer egin erabaki beharko duela. Hainbat gaizkiulertze direla medio jostailuak haurtzaindegi batean agertuko dira, non pertsonaia-kopurua zein bizi behar dituzten gertaerak biderkatuko diren. Ideia sinplea den arren, premisa honetatik ondorioztatzen diren bigarren mailako gaiak sakonak bezain iradokitzaileak dira.
Toy Story 3 Pixar ekoiztetxeak burutzen duen 11. luzemetraia da. Aurreko pelikuletan egin zuten moduan, oraingo honetan ere, euren nortasunari eutsiz, helduok inongo arazorik gabe goza dezakegun zinta borobildu dute. Akaso, euren azken lanekin gertatzen ari den eran, umeek beraiek baino zuku gehiago ateratzen diogu zinez borobila den zeluloide-puska honi. Pelikula honen bertuteak ez dira gutxi, inondik inora. Hasteko gidoia aipatu behar da, sendoa da guztiz. Azpiko korapiloz josita badago ere, inongo momentutan ez duzu galduta egotearen sentsazioa, hau da, ederto eraikia dago. Pertsonaia gehienak ezagunak dira dagoeneko, hala eta guztiz ere, zenbait agerpen berri daude filme honetan, zein baino zein erakargarriago gainera, primeran garatuta daudenaren seinale. Ezin esan generoko lan baten aurrean gaudenik, ez. Zintaren zenbait unetan beldurrezko lan bat ari garela ikusten ematen duen arren, bestetan barrez lehertzen ari garela ohartzen gara. Ez dira gutxi, bestalde, negarra eragiteko moduko uneak, emoizioak azal-azalean baitaude. Abentura-pelikula ere bada hainbat pasartetan... laburbilduz, zorioneko genero-nahasketa baten aurrean aurkitzen gara.
Pixar etxeak sortzen dituen luzemetraiek daukaten beste ezaugarri bat ondorengo hau da: ikusten hasi aurretik, prezio berean bestalde, laburmetraia batez gozatzeko parada ere luzatzen digutela. Oraingoan Eguna eta Gaua izeneko lan bikaina eskeintzen digute. Zeharo originala da, ideia bikaina era ederrean pantailaratua. Hortaz, kasu honetan zine-aretora garaiz iristea nahitaezkoa da. Aintzat hartu, ez zaizue damutuko, ez horixe!
Amaitzeko, neuk atera nuen ustea komentatzea gustatuko litzaidake. Aretoko argiak piztu zirenean, pelikulak utzitako zirrarek eraginda edo, buruari bueltak ematen hasi nintzen eta hurrengo ondorio hau atera nuen: lan honetan agertzen diren jostailuak biziago daudela gizakiak baino. Puntu bateraino logikoa da, benetako protagonistak eurak direlako, baina zer pentsatua eman zidan. Inork ikusi badu edo etorkizunean ikusten baduzue, impresio bera izan duzuenentz komentatzea ondo legoke.