London River

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko abu. 12a, 09:14

Zinea emozioak helarazteko baliabide gisa ulertzen badugu, hauxe oso pelikula handia da. Zinea merezi duten istorioak kontatzeko bitarteko moduan ulertzen badaugu, hauxe lan izugarria da. Zinea aktoreek euren lan bikaina geuri transmititzeko euskarri eran ulertzen badugu, hauxe egundoko filmea dugu...

Zinea emozioak helarazteko baliabide gisa ulertzen badugu, hauxe oso pelikula handia da. Zinea merezi duten istorioak kontatzeko bitarteko moduan ulertzen badaugu, hauxe lan izugarria da. Zinea aktoreek euren lan bikaina geuri transmititzeko euskarri eran ulertzen badugu, hauxe egundoko filmea dugu... Hitz batez, zinea komunikabide moduan ulertzen badugu, hauxe zinta ikaragarria da. Nola hauxe den zinea ulertzeko dudan manera, nire uste apalean behintzat, hau ikusi beharreko pelikula da. Gehitu horri gainera, lan honek ahaztea komeni ez den lezioa irakasten digula: geure arteko aldeak edozein direla ere, behar komun batek berdinduko dituela.

 

Oraingo honetan drama baten aurrean gaude, drama hitza gutxitan izan da horren egokiro erabilia. Guztiz bestelakoak diren pertsonaia bi elkartuko ditu bilaketa etsiak. Londresen izan ziren metro eta autobus baten aurkako erosoen garaian kokaturik dago ekintza, 2005eko uztailaren 7an hain zuzen ere. Emakume ingeles batek eta gizonezko afrikar musulman batek euren seme-alabekiko kontaktua galduko dute zoritxarreko egun hartan. Eurek ez dakitena zera da: seme-alabak elkarrekin bizi direla bikote gisa. Bukaeraren inguruko daturik ez dut emango, hala eta guztiz ere, seguruenik asmatuko zenuten honezkero.

 

London River ez da ikusteko atseginak diren zinta horietako bat, ezta hurrik eman ere! Hala eta guztiz ere, behin ahalegina eginda, erabat seguru nago gomendioa eskertuko didazuela. Badira zenbait filme balio handia dutenak irakasten eta erakusten diguten guztiagatik eta hauxe, zin dagizuet, horietako bat da. Gizakion inguruko irakaspen garrantzitsuak helarazten dizkigu. Gizakiok, hasiera batean behintzat, emozioen arabera jokatzen dugula adierazten digu, aurrena erraiek burmuinak baino gehaigo agintzen dutela, alegia.

 

Rachid Bouchareb dugu lan honen zuzendaria. Parisen 1953an jaio bazen ere, Aljeriako jatorrikoa da. Ibilbide profesional luze samarra du eta bere zenbait zintak jaso dituzte izendapen desberdinak, hala nola, "Poussières de Vie" (1995) ingelesez besteko pelikularik onenaren izendapena jaso zuena, "Little Senegal" (2001) Berlinalen izendapena jasotako lana edota "Indigènes" (2006) Canneseko zinemaldi ospetsuan sari bat irabazi zuen filmea. Bere azken pelikula den honetan oso material sentsiblea darabil, kontu handiz erabili beharrekoa, zeren eta emozioak eta sentimenduak une oro agerian baitaude. Trebetasun handia erakusten du, dena den, esku-artean duen material arriskutsua maneiatuz. Izan ere, pelikula ez da soilik emozio biziez mintzo, aurriritziez, eskerrak ematearen zailtasunez... hitz batez, gizatasunez ere aritzen baita.

 

Goraipatzeko lan honen beste alderdi bat aktoreen lana dugu. Izugarri ondo daude. Brenda Blethynen kasuan ezaguna da, hainbat lanetan ikusi dugu dagoeneko eta beti ondo egoten da. Zertan esanik ez, zinta honetan ezin hobeto burutzen duen ama adoretsuaren rola ez da salbuespena, inondik inora! Harrigarriago suertatzen zaigu Sotigui Kouyatéren kasua, ez aktore bikaina ez delako, pantaila erraldoian argi uzten duen moduan bada eta, guretzako guztiz ezezaguna delako baizik. Bere karakterizazioa horren da ona, ezen aurtengo Berlinalen aktore onenaren saria irabazi baitu. Zoritxarrez, etorkizunean ezin izango dugu bere arteaz gozatu, berriki zendu da eta. Berlingo zinemaldian, bestalde, lan honek pelikula onenaren izendapena ere eskuratu zuen.

 

Duela gutxi gozatu, era berean sufritu, egin dut zinta gomendagarri hau eta ezin dut burutik aldendu. Galdera bat etengabe bueltaka dabil nire buruan: Dena ezin okerrago doanean, nondik ateratzen ditugu indarrak aurrera joateko? Boucharebek balizko erantzun bat ematen digu: aldameneko jendea ezagutzea eta eurekiko begirunea izatea ezinbestekoa omen da. Geure burua aberasteaz gain, aurrera jotzeko beharrezko dugun indarra ere beraiengandik lor dezakegu, antza. Kalean ikusten diren gauzak kontuan izanda irakurketa baikorregia iruditzen zait, baina... hala izango ahal da!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide