To Have And Have Not

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko uzt. 29a, 11:07

Pelikula hau dema baten emaitza izan zen. Dema berezia, inondik ere!

Pelikula hau dema baten emaitza izan zen. Dema berezia, inondik ere! Izan ere, 1937an eleberria idatzi zuen Hemingway sonatu eta Howard Hawks zinemagile ospetsuaren arteko postura liburua argitaratu eta gutxira suertatu baitzen. Antza Hawksek honako erronka hau jo zion idazleari: “Zure eleberririk txarrena oinarri gisa hartuta, demagun “To have and have not”, pelikula on bat egiteko gauza naiz”. Hasiera batean, Hemingwayk ez omen zuen desafioa onartu, liburua egoera ekonomiko txar batetik irteteko arreta handirik gabe idatzitako lana izan zela argudiatuz. Handik gutxira, baina, estutasun ekonomikoek bultzatuta, idazleak berak birgogoratu behar izan zion zuzendariari luzatutako apostua. Gorabehera horien guztien emaitza dugu egun gomendatzera natorren maisulan hau. Jainkoari esker!

 

Thriller eder honen gertakizunak 1940an nazien kontrolpean dagoen Martinica uhartean kokatzen dira. Harry (Bogart) amerikar erbesteratu zinikoa dugu, zeinak erresistentzia frantsesari laguntza emateko inongo asmorik ez duen. Hau dena aldatuko da, ostera, Marie (Bacall), emakume sutsua ezagutzen duenean.

 

Egia esatera, ekoizleek hala nahi izan zutelako noski, lan honek komuneko puntu asko ditu urte bi arinago estrenatu zen “Casablanca” pelikula handiarekin. Kasu bietan ekintza garai historiko berean gertatzen da, agertoki garrantzitsuenetakoa dugu bietan ere antzeko giro duen zonaldeko kafe erakargarria, pertsonaien arteko elkarrizketek ikutu berdintsua dute, hots, azidotasuna nanahi topatzen dugu euren arteko dialogoetan eta, zertan esanik ez, zinta bietan pisu handiko pertsonaia parekidea dago: piano-jolea, alegia. Ezin ukatu, bestalde, musiko bien azalaren kolorea oso bestelakoa dela, baina ez dut uste ardura handiko datua denik, ezta?

 

Dagoeneko agertu dudan moduan lan eder honen zuzendaria Howard Hawks handia da. Hawks 1896an Kalifornian jaio zen eta 50 bat filme zuzendu zituen. Genero guztietako lanak burutu zituen eta, ez hori bakarrik, horietako bakoitzean maisulan bat behintzat borobildu zuen. Bere pelikulen artean garaiko ikuslegoaren zinta maitatuenak zeuden, baina ez zuen kritikoen onespena eskuratu harik eta Frantziako adituek zine klasikoak izan dituen egilerik garrantzitsuenetako bat izendatu arte.

 

Argi geratu da, hortaz, zinta honetako erantzulerik nagusiena, hots zuzendaria, aparta dela. Baina lan bikain bat ekoizteko, zertan esanik ez, zerbait gehiago behar da. Ezinbestekoa da antzezle zein gidoi borobilak ere izatea eta kasu honetan baldintza biak betetzen dira erabat. Aktoreei dagokienean, ezin hobeto daudela esan beharra dago. Bogart, ezaguna den eran, apostu segurua da, beti ematen du zuzendariak eskatzen diona inolako arazorik gabe. Azpimarratzekoa da, bestalde, Walter Brennanen jarduera. Txapela kentzeko moduko lana borobiltzen du, inongo duda barik. Hala eta guztiz ere, pelikula honek egiten dituen ekarpenen artean munta gehien duena Lauren bacallen aurkikuntza da. Bere lehenengo lanean jada, Bogartekin gerora horren ohikoa izango den kimika pantailan agerikoa delako. Gidoia dela eta, halaber, sendoa dela aipatzea nahitaezkoa da. Pertsonaiak ondo garatu eta aurkezturik daude inondik ere, istorioa irmo bezain interesgarria da, zuzendariak ikuslea begirunez tratatzen du eta ez dio dena eginda ematen duen adimenean konfiantza osoa erakutziz, lerro-artean irakurtzeko moduko zenbait elkarrizketa burutsuez gozatzeko aukera ematen digu... laburbilduz, egundoko gidoia da Hemingwayren eleberrian oinarrituta Jules Furthman eta William Faulkner moldatu zutena.

 

Amaitzeko, galderatxo bat daukat zuondako, hori bai, galdera hau soilik ulertuko duzue pelikula ikusitakoan: “Inoiz ziztatu dizue hildako erle batek?”

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide