Madres&Hijas

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko uzt. 22a, 09:12

Filme honen hainbat unetan ondorengo ideia adierazten duen esaldi bat entzuten da: “Partekatutako denborak odolak baino gehiago axola du”. Haurtxo bat seme edo alabatzat hartzea justifikatzeko aldera aipatzen da. Pentsarazten duen ideia da, inondik ere!

Filme honen hainbat unetan ondorengo ideia adierazten duen esaldi bat entzuten da: “Partekatutako denborak odolak baino gehiago axola du”. Haurtxo bat seme edo alabatzat hartzea justifikatzeko aldera aipatzen da. Pentsarazten duen ideia da, inondik ere! Hauxe dugu, hain zuzen ere, Rodrigo Garcíaren azken lanaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat: zine-aretotik irteten zarenean, oraingoz tarte batez ikusi eta kontatu berri dizutenaren inguruan hausnartzen segitzen duzula, alegia! Eta ez da gutxi, ez horixe! Asko eta asko baitira egun amaitu bezain pronto ahazten ditugun zintak. Filmeak mahai gainean jartzen dituen itaunak nahikotxo izateaz gain, sakonak eta ederto planteatuak ere badira. Beste kontu bat da galdera horiei emandako ihardespenak, kasu batzuetan desadostasunak ekarriko dituztenak. Baina hori ere ez dago txarto, lanak zabaltzen duen gogoeta-prozesu horretan lagunduko du eta.

 

Esan berri dugun legez, Rodrigo García dugu emankizun honen arduradun nagusia. Gidoia idazteaz gain, pantailaratzea ere bere gain hartu baitu. Hortaz, lortutako emaitzaren gaineko kontuak hari eskatu behar zaizkio. Nire ustetan, zinta guztiz duina ekoiztu du, baina hori zeuek erabaki beharko duzue ikusiz eta zeuen iritziak plazaratuz, noski. Edozelan ere, zuzendariaren gaineko datu-sorta bat zeuei helaraztea gustatuko litzaidake. Hasteko, zera esan behar da: aita entzutetsu baten semea dugu Rodrigo. Izan ere, Gabriel García Marquez, Nobel saridun idazle kolonbiarra, itzal luzea sortzen duen pertsona izateaz gainera, bere aita ere bada. Denok dakigu ospe handiko gurasoak dituzten semealabek zer-nolako presioa jasan ohi duten. Ez da erraza izan behar horrekin bizi izatea, ez. Eta are zailagoa behar du izan sormena eskatzen duen ogibide batean aritu izanak, lortutako emaitzak aurriritzi handiz epaituak izan barik. Akaso horregatik, Rodrigok, literatura barik, idaztea baimentzen dion zinea aukeratu zuen. Berak unibertso personala du, inongo ezbairik gabe, bere pelikuletan emakumeak agertzen baitira beti, hala nola “Cosas que diría con solo mirarla” (2000), “Nueve vidas” (2005).... Unibertso femeninoa du, beraz.

 

“Mother And Child” hau zinta korala da, aurreko pelikuletan gertatzen zen bezala. Oraingo honetan Rodrigo Garcíak aktore-multzo izugarria eskuratu du. Atera kontuak bestela: Naomi Watts, Samuel L. Jackson, Annette Bening... gehi horren ezagunak ez izanda ere, aipatutakoak bezain ondo aritzen diren beste zenbait aktore. Aktore hauen lan zein zuzendariaren trebetasunari esker sinesgarritasun handiko lan baten aurrean gaudela esan beharra dago.

 

Oraingoan zinegile kolonbiarrak ama eta alaben arteko harreman desberdinen gaineko hiru istorio kontatzen dizkigu. Hiruretan arazo desberdinak planteatzen ditu, amatasun eta guraso zein semealaben inguruko gatazkei buruzkoak, hain zuzen ere. Gatazka ohikoak dira, edozeini gertatzeko modukoak, hortaz, zeharo sinesgarriak. Istorio hauek guztiak ondo garatuta daude eta bukaeran bat egingo dute pelikulako pertsonaia bati esker.

 

Bukatzeko, gaztelaniaz filmeari jarri dioten izenburuaren inguruko aipamentxo bat egin gura nuke. Zur eta lur geratu nintzen bukaerako kredituetan zintaren izenburua agertu zenean. Pantaila erraldoian hurrengo hau irakur zitekeelako: “Madres&Hijas”. Alde batetik ez dago guztiz itzulita, begibistakoa denez gero, eta beste alde batetik, ingelesez ez bezala, plurala erabili dute. Filmea ikusi ondoren, pluralaren erabilera zentzuzkoa izan daitekeela aitortu behar dudan arren, ingelesak geure “eta” emateko erabiltzen duen ikur horren erabilpena berriz...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide