Vincere

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko uzt. 15a, 10:10

Pelikularen hasieran badago sekuentzia aupari bat, non Mussolini

Pelikularen hasieran badago sekuentzia aupari bat, non Mussolinik, oraingoz ezkerreko sindikalista izaki, existitzen ez dela frogatzearren Jaungoikoari ondorengo erronka jotzen dion: 5 minutu ematen dizkio bera suntsi dezan. Nola, zentzuzkoa denez gero, halakorik gertatzen ez den, Jainkoaren izatea mitoa dela frogatutzat jotzen du, entzulegoaren haserre bizia sortuz.

 

Plano-multzo adierazgarri bezain engainagarria dugu hau. Izan ere, Benito Mussoliniren inguruko Biopic bat ikusi behar dugula pentsarazten baitigu eta ez da horrela, ezta hurrik eman ere! Biopic baten aurrean gaude, hori noski ukaezina da. Ez, ordea, zintaren hasieran iradokitzen digutenaren aitzinean. Pelikula biografiko honek azaltzen digun bizitza, Ducerena barik bere maitalea izan zen Ida Dalserrena da. Guztiz ezezaguna den historiaren pasarte baten parean kokatzen gaitu, hortaz. Lan honetan kontatzen den eran, artean sozialista zen Mussolini gazteak Idarekin ezkondu eta seme bat edukiko du. Laster, baina, ideologia aldaketa izugarria burutuko du faxista bilakatuz. Ez da hauxe, ostera, bere bizitzako aldaketa bakarra izango, Idaren zoritxarrerako, zeren eta handik denbora tarte batera Idak zera jakingo baitu: itzel maite duen Benito berriz ere ezkondu dela. Eta ez hori bakarrik, bai eta bera desagertarazten saiatuko dela ere. Kontuan izanda Italiako pertsonarik botoretsuena bihurtu dela ez zaio asko kostatuko, lan ikaragarri honetan era eder bezain lazgarrian erakusten diguten bezala.

 

Pelikula biografiko guztietan legez, lan honetan ere zazpigarren artearen alderdi didaktikoak egundoko pisua hartzen du. Gorago aipatua izan den gisan, batere ezagunak ez diren historiaren gertaerak jakitera ematen dira zinta nabarmengarri honetan, lanaren interesa areagotzen duena. Pelikulak kontatzen duena, zertan esanik ez, salatzekoa da guztiz, pantailaratzen digutena inori egiteko inongo eskubiderik ez baitago. Gehitu horri gainera, geure historia hurbilaren tarte garrantzitsu bezain krudela begien aurrean jartzen digula zuzendaria den Marco Bellocchio italiarrak, maisutasun handiz bestalde. Maiz esaten den gisan, zer egiteko gauza garen ahaztea ez da batere komenigarria, bereziki egin behar dugun hori astakeria itzela bada, zinta honetan gertatzen den moduan. Hau honela, inongo beldurrik gabe gainera, filme didaktiko bezain beharrezko batez ari garela esatea dugu. Ez da gutxi, alajaina!

 

Esan gabe doa era honetako pelikuletan artxiboko irudiek inportantzia ikaragarria dutela. Bada, lan honetakoak primerakoak dira, inongo zalantzarik gabe. Filmeak duen aktibo handienetakoa da, dudarik ez izan. Hainbatetan erabat hunkigarriak dira. Bestetan, berriz, egungo ikuspuntutik behaturik barregura sortzen dute. Hala eta guztiz ere, ezin ahaztu egungo barregura hau bere garaian oso bestelakoa den sentimendu bilakatzen zela: Duceren imintzioek jendea sutu egiten baitzuten. Garaiko irudi horiek ikuste hutsak izua sortzen du gaur egungo ikuslearengan.

 

Bukatzeko, film handi hau galant bilakatu dutenei aipamentxo bat egitea gustatuko litzaidake, hots, zuzendari eta aktoreei. Dagoeneko aitatu den eran, Marco Bellocchio dugu fresko honen zuzendaria. Italiarrak pelikula anitz ditu zuzenduta, bere prestakuntza zinematografikoa Londresen burutu zuen. Agian, hori dela eta, borobildu dituen lan askotan kutsu soziala horren agerikoa da, jakina denez gero, zinematografia britainarraren ezaugarrietako bat hauxe baitugu: gizartearen ahalik eta argazki errealen atera nahi izatea, alegia. Aktoreek, bestalde, lan izugarria gauzatu egiten dute. Azpimarratzekoak dira Giovanna Mezzogiornok, Idarena borobiltzen duen emakumezko aktore dotore-dotoreak, eta Filippo Timik, Mussolini gaztea eta bere seme nagusiaren rolak guztiz sinesgarri bilakatzen dituen aktore puskak, oparitzen dizkiguten karakterizazio erraldoiak, txapela kentzeko modukoak, inondik ere! Pelikularen hasieran, lehenengo lerroartean ekarri dugun sekuentzian hain zuzen ere, Ducek luze ez dela arituko esaten du. Zin egiten dizuet gauza bera egiten saiatu naizela, baina... saiakera zapuztua, aizue!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide