Mal Día Para Pescar

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko uzt. 8a, 00:30

Pelikula hau ikusten duzunean, nahigabean bada ere, beste lan berri bat datorkizu burura: Darren Aronofsky

Pelikula hau ikusten duzunean, nahigabean bada ere, beste lan berri bat datorkizu burura: Darren Aronofskyren “The Wrestler” (2008) izenekoa, alegia. Zinta biek dituzte komuneko puntuak, begistakoa den legez, baina, hala eta guztiz ere, oso film bestelakoak dira, inondik ere! Ukaezina da lan biek mundu beraren argazkia egiten dutela: borroka librearena, hain justu. Argazki horiek, baina, ez dira lortuak izan, ez teknika, ez makina berberaz. Egiteko garaian, bestalde, ez zen asmo bera ere egon. Aronofskyk, gordintasunari eutsiz hori bai, argazki koloretsuago lortu nahi izan zuen bitartean, Brechner zuzendari uruguaitarrak, ordea, bortiztasuna izan du helburu drama latz honetan.

 

Lan honek dituen ezaugarrien artean nagusiena aipatu izan dugu dagoeneko: gordintasuna. Ez da hau, inondik inora, azpimarragarria den nolakotasun bakarra. Egia da, pertsonaien bizimodua erabat latza dela, baina aitortu behar da, halaber, zinta osoan zehar lohikeria oso agerikoa dela, maltzurkeria, aipaturiko bizimoduak hala aginduta noski, nonahi dagoela edo norbere buruarekiko begirune-eza zeharo ohikoa dela. Deskribatu dugun mundu arriskutsu bezain bihozgabe honetan itxurakeria, jakina, behar-beharrezkoa da. Are gehiago, kirol-demak tartean direnean, non jokoan diru asko dagoen. Laburbilduz, pelikula honek zirkua irudikatzen du, hori bai, zirku batean dena gezurra den bitartean, hemen iruzurra gordinegia den egia estaltzeko erabiltzen da.

 

Funtsean, Brechnerek saiatu biren gorabeherak kontatzen dizkigu: borroka libreko munduko txapeldun ohi eta bere ahaldunarena, hain zuzen ere. Azken honek, azpijokoa erabiliz, borrokak ezkutuan hitzartzen ditu, euren zorigaiztoko bizimodu petralari nola edo hala eusteko diru apur bat lortuz. Dena ondo joango zaie, tokitan dagoen herri ziztrin batera iritsi arte, non, hainbat jazoera direla bide, gertaeren gaineko kontrola galduko duten.

 

Lan honetan aipatzeko auzi ugari dira. Euretako bat zera dugu: hizkuntzaren trataera bitxia. Izan ere, pertsonaia nagusi biren arteko elkarrizketak ingeleraz burutzen baitira. Gehitu horri gainera, azpititulurik ez dela inon agertzen. Pentsa liteke, hortaz, pelikularen ulermena erabaki honekin kaltetzen dela. Bada... inondik inora! Alde batetik, pertsonaia nagusietako batek, munduko txapeldunak zehatzago esanda, apenas ez du hitz egiten eta, bestetik, ikusleak hasieratik bukaera arte filmea ederto ulertzeko datu nahikoak ditu.

 

Aipamen berezia merezi duen beste arlo bat muntaia da. Lineala da guztiz, ez bada hasieran dagoen flash-back-aren erabilpen erabat engainagarria dela medio, zeren eta etengabe norantza okerrean baikaramatza.

 

Ezin ekarri gabe utzi zuzendari zein aktoreen lan txukuna. Zuzendariak, bere aldetik, argi uzten du trebea dela oso tentsioari eusten, zintaren une bakoitzari behar duena ematen, aktoreak gidatzen, hau da, bere lana egiten. Aktoreak, beste alde batetik, ederto daude oro. Dena den, Gary Piquerrek, ahaldunaren rola betetzen duenak, lan izugarria borobiltzen du, pelikularen zama gehiena bere bizkarrean hartuta.

 

Bukatzeko, izenburuaren inguruan dudan teoria azaltzea gustatuko litzaidake. Hasteko titulua erabat iruzurtia dela pentsatzen dudala argitu nahiko nuke. Hau honela, nire uste apalean behintzat, hauxe litzateke zuzendariaren asmoa: lan honetan agertzen diren pertsonaia guztiak, borrokalariak salbu, nolabaiteko arrantzaleak dira eta egun okerra aukeratu dute arrantzan ibiltzeko, behintzat duten “harrapakin” arriskutsu hori, dirua, harrapatzeko, hori dela eta izenburua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide