Geuretzako ez da oso ezaguna Islandiako zinea, ez horixe! Bada, hementxe dugu aukera polit bat dituen ontasunetan sakontzen hasteko. Hurbilketa, gainera, ez zaigu lar gogorra egingo lan honen ikuskerari ekiten badiogu, zeren eta pelikula, hein batean behintzat, atsegina baita. Gehitu horri gainera, zintaren iraupena zentzuduna dela, hau da, ez da inongo logikarik gabe puztuta dagoen horietako pelikula bat. Beraz, ez dago aitzakiarik aukeratxo bat emateko eta, batek daki, akaso geure gustuko filmografia berri bat aurkituko dugu.
Brooklyngo zubi sonatuaren azpian bizi den bihotz oneko gaztea dugu Lucas, “Pequeña Miss Sunshine” film ospetsuan protagonistaren nebaren papera betetzen zuen Paul Dano izeneko aktorea alegia. Aurrean duen etorkizun beltza dela bide, bere buruaz beste egitea erabakiko du, baina, gainerako gauza guztiak bezala, saikera zapuztua izango da oraingo hau ere bai. Lortuko duen kontu bakarra zera izango da: Ospitaleko gela 5. bihotzekoa pairatu duen Jacques ( Brian Cox) ipurterrearekin partekatu behar izatea. Jacques-ek taberna bat du eta, bere nortasuna dela eta, ez du nori utzi. Nola azkenetan dagoela sumatzen duen, Lucas-ek bere negozioa aurrera atera dezan prestatzea erabakiko du. Hasiera batean dena ondo joango da, beno... Jacques-en arau bereziak normaltasunetik gertu daudela onartuz gero, noski! Dena korapilatuko da, baina, April -ek tabernan sartzea erabakiko duen egunean...
Ezin esan The Good Heart (2009) hau lan borobila denik, inondik inora. Hau honela, inongo beldurrik gabe gomendatzeko moduko filme baten aurrean gaudela esan gabe doa, are gehiago azken bolada honetan ikusgai dauden zinten zerrendari begiratutxo bat botaz gero. Pelikula ez, baina aktoreen lana erabat txalotzekoa da, bereziki Brian Coxena. Egokitu zaion rola goxoki bat da, edozein aktorek bere ibilbide profesionalean zehar sikieran behin halako bat burutzearren hilko luke, seguru nago. Papera esker honekoa da, dudarik gabe, baina aukera baliatzen jakin behar da eta Coxek ez dio alde egiteko inongo aukerarik eman. Pelikularen zama gahiena bere gain hartzen du berak, gainerakoen laguntza estimagarriarekin jakina, bitxi samarra den istorio hau zeharo sinesgarri bilakatzen du.
Lan honen zuzendaria den Dagur Kári pertsona bitxia da, edo ibilbide bitxia izan du behintzat. Izatez frantziarra da, baina Islandian hazi egin da eta bere prestakuntza profesionala, ordea, Danimarkan burutu du. Izugarrizko “koktel” horretatik errealitatea ikusteko era desberdin bat sortu egin da. Berriki esana dugu zinta hau borobila ez dela, hala eta guztiz ere berezia denik ezin ukatu. Lan honek zerbait badauka zera da: berezko giro interesgarria. Pelikularen tonua gazi-gozoa da. Pertsonaiek bizi duten egunez egunekoa goibela bezain gogorra da, baina naturaltasun osoz onartzen dute eta, norberak bere eran jakina, aurrera egiten dute mirestekoa den erabateko koherentziaz. Aurrez aurre aurkezten zaigun giro latz honetan ez dira gutxi barrea eragingo dizkiguten egoerak, zintaren ikustea sano erraztuko diguna. Egun karteldegia pairatzen ari den sormen-krisi larri honetan ez da gutxi, ezta hurrik eman ere!