Badira zenbait filme kutsu berezia dutenak, jendearen oroimenean grabatu egin direnak, mundu guztiak ezagutzen dituenak, hau da, mitikoak direnak. Bada, pelikula mitiko bat baldin eta badago, horixe da hain zuzen ere “Casablanca”. Michael Curtiz jaunak 1942an, seguraski susmatu gabe, zinemaren historian burutu den zeluloide puska handienetakoa zuzendu zuen, gu guztion zorionerako. “Casablanca” 3 Oscar sari irabazitako zinta zoragarria da, baieztapen ukaezina dugu hau, baina hori baino askoz gehiago ere bada. Hainbat faktore konbinatu ziren lan honen filmaketan mitoa sortzen lagundu zutenak.
Alderdi horietan guztietan garrantzitsuena, ez bakarra noski eta beti ere nire uste apalean, gidoia da. Elkarrizketa adimentsu zein esaera borobilez osatuta dago. Adibideak mila izan badaitezke ere, badago esaldi bat esandakoa ezin hobeto berresten duena. Pelikularen pasarte batean Bogarti ea zein nazionalitatekoa den galdetzen diote, hona hemen bere erantzun aparta: “Mozkortia naiz”. Paregabea, zinez! Ezin jakin egia ala denborak utzi digun kondaira bat besterik ez den, baina gidoi honen inguruan askotan aipatu izan da egunean bertan filmatu behar zena idazten zela, hots, bat-batekotasun osoz sortu zela. Siniste hutsak lan eskerga eskatzen du, berealdiko emaitza lortu zuten eta.
Filmea Bigarren Mundu Gerrako garaian errodatu eta kokatuta dago, lan garaikedea da, hortaz. Ekintza Marokoko Casablanca hirian lekutu egiten da, iristeko erraza bada ere, bertatik irteteko benetan zaila den hirian, alegia; bereziki zure izena nazien zerrenda beltzean badago. Giro nahasi honetan hiru pertsonaiak egingo dute topo, kontua gehiago korapiltatze aldera, maitasun-hiruki bat osatzen duten pertsonez ari gara, interesgune desberdinek elkartuko dituztenak. Hemendik aurrerako guztia zeuek ediren beharko duzue, zinta liluragarri hau ikusiz noski. Lana da jarri dizuedana, baina benetan goxoa izango den betebeharra, sinetsidazue!
Hiru pertsonaiaz jardun gara orain arte, pertsonaia nagusiak dira harribitxi honetan. Ederto garatuta daude, maisuki antzeztuta... pentsa liteke gainerako pertsonajeak ilunpean geratuko direla hauen aurrean, bada... inondik inora! Bigarren mailako rolen artean Renault polizia prefektuarena betetzen duen Claude Rains aktore britainarraren lana azpimarratzeko modukoa da, inongo zalantzarik gabe. Bogartekin batera pelikula osoan zehar entzuten diren esaldirik borobilenak berak botatzen ditu. Euren arteko zenbait elkarrizketa ahaztezinak dira, oroimenean gordetzeko modukoak... egundokoak!!!
Mitoa sortzen lagundu duten faktoreen bitartean badago bat, seguruenik garrantzitsuena, zinearen mugak gainditu dituena: “As Time Goes By” kantu zoragarriaz ari naiz. Zeinek ez du esan inoiz melodia bikain hau entzutean, “Jo ezak berriz, Sam” delako hori? Nahiz eta pelikula osoan zehar zorioneko esaldia inoiz entzuten ez den! Hauxe dugu lan honen inguruan dauden bitxikerietako bat, ez bakarra!
Ezin esan lan bat borobila denik maitasun-istorio ederra ez badu, eta honek zerbait badauka horixe da, maitasun-hiruki hobezina. Maitasun-istorio handienetakoa dugu zinta honetakoa, zeren eta ezin baitaiteke irudikatu amodio handiagorik bere bizitzako emakumea, maitasunaren izenean, beste gizon batekin alde egiten uzten duena baino.
Laburbilduz, zine beltza eta, oro har esanda, zinearen maisulan baten aurrean gaude. Hainbatetan ikusteko gisako maisutasun handiko pelikula, alegia.