Jakinda Ilargiko biztanle bakarra zarela, zelan erreakzionatuko zenuke zeure buruaren gorpuarekin topo egingo bazenu? Zer pentsatuko zenuke bat-batean klon bat zarela esango balizute? Zuretzako horren garrantzitsua den guztia burmuinean egindako inplanteak besterik ez direla adieraziko balizute, zein gorputzaldi geratuko litzaizuke? Zelan erantzungo zenuke gezur bat ari zarela bizitzen jakingo bazenu? Irudika dezakezu zeure buruarekiko elkarrizketa bat, zeure burua, zeurean egoteaz gainera, beste gorputz baten barruan egonik? Galdera arraroak, ezta? Ez dakit zeuen kasuan, baina niri zer pentsatua eman didate, bai jauna! Bada, egoera hauek guztiak planteatzen ditu gomendatu behar dudan pelikula arraro bezain interesgarri honek: Moon (2009), izeneko filme britaniarrak.
Lan honen abiapuntua hauxe dugu: Ez oso urruti kokaturik dagoen balizko etorkizun batean, astronauta batek hiru urtetan bizi behar du bakar-bakarrik Ilargian, garrantzi handikoa den mehatze-indusketa batean mantenimendu-lanak burutzen. Sinaturik duen hitzarmena bukatzear dago. Hala ere, tupustean, zerbait ez da ondo ibiliko. Zinta honen protagonista bere inguruko isileko bitxi samarra ezagutzear dago. Itxura ona, ezta? Ez pentsa, horregatik, bilgarria baino ez denik, pelikula honek mamia ere badu eta.
Lan hau ez da batere samurra definitzeko garaian. Izan ere, zientzia-fikziozko pelikula baten aurrean gauden arren, beste ezaugarri batzuk ere biltzen baititu: suspentsea zinta osoan zehar agerikoa da, oso filme ilun baten aurrean gaude, hainbat unetan erabat gogorra dena, goibela da zeharo aurkezten zaiguna, butakan iltzatuta uzten zaituen horietakoa da... Erabili behar dudan hitza ezer ez eta dena adierazten duen horietako bat dela dakidan arren, pelikula guztiz bitxia dela esan behar dut. Sarritan irudi batek mila hitzek baino gehiago aditzera ematen duela esaten da eta, zertan esanik ez, halako kasu baten aurrean gaude. Esanak esan, zertaz ari naizen ulertzeko filmea ikustea baino ezer hoberik ez dago.
Nire uste apalean lan honek badu erreferente argi bat: Kubrick jaunak, berriz ere bera, zuzendu zuen “2001: A Space Odyssey” (1968), alegia. Hainbat dira zinta bien arteko komuneko puntuak, hala nola, pelikula bien giro ilun bezain itogarria, bietan agertzen diren robot susmagarriak, biek planteatzen dutena, hau da, bakardade luzeak sor ditzakeen ondorioak... Bestalde, ukaezinak dira filme bien tarteko desberdintasun nabariak. Hasteko, lan honen arduraduna den Duncan Jones, noski, ez da Kubrick. Beraz, ezin espero daiteke berarengandik maisuari eskatu behar zaiona. Hala ere oso lan duin baten aurrean gaude, baina hau ez da “2001...” Aldeetako bat, hain justu, roboten jokabidean dago. Kubricken zintan agertzen zen HAL 9000 pelikulak aurrera egin ahala beldurgarri bilakatzen zen bitartean, hemengo GERTYk askosaz ere jokabide linealagoa du eta, zertan esanik ez, ez du horrenbeste izua sortzen.
Aipatu beharrekoa da, halaber, Sam Rockweell aktore estatu batuarraren lan ikaragarria. Izan ere, pelikularen sama bere bizkarrean hartuta, lan txukun bezain sinesgarria burutzen baitu.
Era berean, aipamen berezia merezi du zinta honen zuzendariak: Duncan Jones britaniarrak, hain zuzen ere. David Bowie kantante handiaren semea dugu. “Moon” hau bere lehenengo pelikula da eta lan txukun honekin hainbat sari ditu irabazita, euren artean hasiberri onenari dagokion BAFTA saria eta Sitgesen 4 sari, pelikula, aktore eta gidoiari dagozkienak, besteak beste.
Pelikula honetan gertatzen den guztia geure satelite naturalak duen alderdi izkutuan gertatzen da, hori dela eta gomendio hau girotzeko aukeratu dudan musika noski. Ez al zaizue arduragarria iruditzen horren ederra den geure Ilargiak alde izkutu bat izatea? Zer gertazten ote da ikusteko aukerarik ez dugun eremu hartan? Duncan Jones zuzendari britaniarrak bere bertsioa jakitera eman du zinta honetan, posiblea dela uste al duzue?