Olvídate de mi- Nirekin ahaztu (Eternal sunshine of the spotless mind)

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko eka. 10a, 08:10

Pelikula honen gomendioarekin atal berri bati hasiera eman nahiko nioke: klasiko berriak

Pelikula honen gomendioarekin atal berri bati hasiera eman nahiko nioke: klasiko berriak izena izango zuen sailari, hain zuzen ere. Izan ere, filme bat klasiko bilaka dadin denboraren froga pasatzea ezinbestekoa baita. Hala eta guztiz ere, badira zenbait lan, berri samarrak izanagatik, klasikoen kutsua izanez jaio izan direnak. Horiexek lirateke aipatutako klasiko berriak , alegia. Gomendatu behar dudan pelikula horietako bat litzateke, nire ustetan. “Olvidate de mi” 2004ko zinta dugu, berriegia hortaz klasiko bat izateko. Hala eta guztiz ere, klasikoek dituzten hainbat ezaugarri barnebiltzen dituen lana da. Ikuslea axolagabe utziko duen horietakoa ez da, egitura guztiz originala du, gidoiaren kalitatea ukaezina da, zuzendariaren lana borobil-borobila dela ezin errefusatu, aktoreek dotore dihardute... Honengatik guztiagatik klasiko berri baten aurrean gaudela esan daiteke.

 

Normalean filmak zuzendari edo aktoreen agerpenagatik ezagunak izaten dira, hots, benetako izarrak eurak ditugu. Pelikula honen kasuan, ordea, gidoilaria dugu egiazko protagonista. Charlie Kaufman godoilari sonatuaz ari gara, Premier izeneko aldizkariaren aburuz, Hollywoodeko 100 pertsona boteretsuren artean egongo litzatekeena. Kaufmanen lanak ezagunak dira oso, bai eta sarituak ere. Honela, ondorengo hauek guztiak berak burututako gidoiak dira: “Cómo ser John Malkovich”, “Human Nature”, “El ladrón de orquideas”, “Confesiones de una mente peligrosa”, “Olvídate de mi” edo “Synecdoche, New York”. Hainbat sari irabazita ditu, euren artean gomendatzen ari garen lan honen gidoiagatik Oscar sari bat ere bai.

 

Pelikula honetako protagonista den Joel minduta dago, zeren eta bere neskalaguna Clementinek euren arteko harreman ekaiztsuak sortu dituen oroitzapen guztiak ezabatzeko eskatu baitu. Mendekua hartze-aldera edo, berak gauza bera egitea erabakiko du. Zein ez ote den izango bere ezustea, baina, prozesuak aurrera egin ahala, Clementinenganako bere amodioa berpizten dela ikustean. Ez dirudi, ez horixe!, oso gidoi originala, guztiz bestelako dena, ostera, zera da: barnebiltzen dituen ideiak pantailaratzeko modua.

 

Badago, halaber, zinta honek duen beste aktibo bat eta ondoko hau dugu: aktoreen lana. Batez ere, Jim Carrey eta Kate Winsletek betetzen dutena, hitz bakar batean esanda: zoragarria dena! Katen kasuan ez da harritzekoa, izan ere beti lan borobilak burutzen baititu. Bitxiagoa da, baina, Carreyrena eta ez aktore ona ez delako, itzela da eta, normalean beste interpretazio-bide batzuk aukeratzen dituelako baizik. Nire uste apalean horren goraipatzekoak ez diren bideak, alegia.

 

Ez dira hor bukatzen lan honen sendotasunak, inondik inora! Michel Gondry jaunak, pelikularen zuzendariak, darabilen planifikazioari esker hainbat unetan zinez burmuinaren barruan gaudela pentsa daiteke, irudien bitartez emateko egiatan zaila dena. Berak ematen duen giza-burmuinaren irudia errealitatetik gertukoa izango delakoan nago, pantailan une askotan ikusten duguna kaos-totala baita eta ez dut uste garunaren egiazkotasuna estanpa horretatik lar aldentzen denik.

 

Orain arte ez gara aski luzatu filmearen zuzendariaren inguruan eta ez da justua egia esateko. Kaufmanen handitasuna ukaezina bada ere, Gondry ez da erraz baztertzeko moduko egilea, ezta hurrik eman ere! Zuzendari frantziarrak bideo-klip sonatu asko burutu ditu musiko handientzako, hala nola, Björk, The White Stripes, Chemical Brothers, Foo Fighters, The Rolling Stones... eta abar luze bat. Horrez gainera, zinearen munduan lan bitxi bezain interesgarriak ditu borobilduta, euren artean, eta hau filmea kenduta, “La ciencia del sueño”, “Rebobine, por favor”, “Human nature”... Ez dago bater gaizki, ez!

 

Amaitzeko gomendio txiki bat. Pelikula hau bideoan edo DVDan ikustea komenigarria da. Nire ustetan duen handitasunean ulertzeko zenbait bider ikusi beharra dago. Oso lan konplexua da eta ikustaldi bakoitzak ekarpen berri bat egiten dio ikusleari beti. Hortaz, bisitatzen dugun bakoitzean handitzen den lanaz ari gara. Kontu handia da hau, ez duzue uste?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide