El Escritor- Idazlea

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urkijo 2010ko eka. 3a, 15:34

Roman Polanski jatorriz Poloniakoa den arren, zuzendari, ekoizle, gidoilari eta aktore frantziarra dugu.

Roman Polanski jatorriz Poloniakoa den arren, zuzendari, ekoizle, gidoilari eta aktore frantziarra dugu. 2002an arrakasta handia eskuratu zuen “El Pianista” izeneko pelikularekin, bai munduko txarteldegi gehienetan, non sarrera nahikotxo saldu zituen, bai kritiko, sari eta sona mailan; sari asko lortzeaz gainera, kritika dexente eta prestigio maila berreskuratu zituen eta. Izan ere, hainbat filme handi burututa zituen Pariseko zinemagilearen ibilaldiak iparrik gabekoa zirudien aipaturiko lana ekoiztu arte. Bai eta handik aurrerako bidea ere, “The Ghost Writer” hau kaleratu arte hain zuzen ere.

 

Egia esatearren, gaztelaniazko izenburuak ez du pista handirik ematen ikusi behar dugunaren inguruan. Bestalde, nahiz eta jatorrizko izenburuak gehiago adierazten duen, gaizki-ulertuak ere eragin ditzake, zeren eta “Ghost” hitzak mamua esan gura baitu. Beraz, Stephen Kingen eleberri batean oinarritutako pelikula ikusi behar duzula pentsaraz zaitzake eta, King jaunaren aurka ezer ez dudan arren, errealitatea egoera horretatik oso urruti dago, thriller politiko baten aurrean baikaude. Dena hasten da idazle batek (McGregor) gogoz kontra Britainia Handiko Lehen Ministroaren (Brosnan) memoriak idazteko enkargua onartzen duenean. Istorioak behar duen suspentsea ondorengo datuak jarriko du: lan horretan bera baino lehenago aritutakoa hilik agertu zela. Eta ez hori bakarrik, gainera proiektuarekin hasi behar duen egunean bertan, Lehen Ministroaren aurkako kanpainia gogor bat hasiko da, gerra-garaian hartutako erabaki desegokiengatik. Abiapuntu bezala ez dago batere txarto, interesgarria bezain indartsua da eta.

 

Polanskiren ibilbide profesionalak bultzadatxo bat behar zuen eta lan honek eman ahal dio, inongo ezbairik gabe. Sariak ez dira zertan oso adierazgarriak izan behar, baina agertzen direnean, tartean kalitate-maila minimoa dagoenaren seinale izaten da. Lan hau oso berria da eta oraingoz sari asko jasotzeko tarterik ez du izan. Hala ere, aurtengo Berlingo zinemaldian zuzendari onenaren zilarrezko hartza eman zioten Polanskiri. Hasiera ona, alabaina!

 

Zuzendari frantziarra, zertan esanik ez, handienetakoa dugu. Bere filmografia luzea bezain interesgarria da eta gehiengo handi batek ezagutzen dituen pelikulez trufatuta dago. Hona hemen, horren erakusgarri, ea edonork identifika ditzakeen filmez osaturiko zerrenda zoragarria: “El cuchillo en el agua”, “Repulsión”, “La semilla del diablo”, “Chinatown”, “Frenético” edo dagoeneko aipatu dugun “El pianista”. Horrez gain, izan duen bizitzagatik, pelikula bat burutzeko elementu asko izan dituena, fokoen aurrean kokaturiko pertsonaia dugu Polanski jauna. 2009ko irailean atxilotua izan zen Zurichen Amerikako Estatu Batuek hala eskatuta. Ez da ahaztu behar, lehenago bere emaztea, haurdun zegoela, erahil zutela eta hainbat ahazteko moduko gertaera bizi izan zituela bere bizitzako garai ilun batean. Izan ere, oso ibilbide gorabeheratsua izan du, gertaera tragiko zein ospatzeko modukoez josita. Pasarte ilun horiek guztiak hortxe egon arren, sariak eta lortutako sona ere handiak izan dira oso.

 

Baina “The Ghost Writer” pelikula ari naiz gomendatzen eta oraingoz apenas ez dut ezer esan filme borobil honen inguruan. Lanak dituen sendotasunak asko dira: Hasieratik harrapatzen zaitu, ez dizu tregoarik ematen, pertsonaiak ederto garatuta daude, aktoreen lana sinesgarria da erabat... Hala ere, horien guztien gainetik badago lan honen ikuskera biziki aholkatzeko arrazoi irmo bat: Bukaerako plano zoragarria! Ez dakit ados egongo zareten, baina ikusi eta batera neuri beste genio baten pelikula baten amaierako planoa etorri zitzaidan burura: Stanley Kubricken “Atraco Perfecto”, alegia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide