Larunbatean, maiatzaren 29an, Laudioko Aldaiko Irristaketa Kirol Taldeak bere 1. patin-ibilbidea antolatuta zuen. Eguna oso ondo joan da. Alde batetik, eguraldia lagun izan dute patinatzaileek eta, bestetik, parte-hartze ikaragarri handia egon da. Izan ere, nekez espero zitekeen esku-hartze itzela egon baita: 185 patinatzaile! Lehenengo aldia izateko izugarrizko jendetza bildu da.
Goizeko 11etan abiatu dira irristariak 12 bat kilometro betetzeko helduen kasuan, umeek 4 kilometro edo bete behar zituzten eta. Ibilbideak ea herri osoa hartu du, zeren eta Aldaiko plazatik hasita, Gardea, Areta eta Ugarte auzoetan barna ibili baitira.
Oso baloratua izan da umeek Zizki-Mizki haur-parkeaz gozatzeko izan duten aukera, musutruk gainera! Honi esker, zenbait gurasok gainerako ibilbidea lasai asko bete ahal izan dute.
Ibilaldia amaitzearekin batera, patin-erakustaldiak hasi dira. Aldaiko plazan Laudiers elkartekoek free-style izeneko irristaketa-mota zertan datzan ezagutarazi digute. Jarraian, patin-poteoari ekin diote. Bai El Kapritxo , bai Gozo-Toki tabernen aurrean konoak jarri eta zenbait era desberdinetan pasatzen hasi dira, poteatzen zuten bitartean, herrian giro eta kolorea jarriz.
Halaber, hainbat sari zozketatu egin dira, asko izan dira saritutakoak. Beraz, jende oro ez, baina makina bat lagun poz-pozik itzuli da etxera.
Goiz koloretsu eta dibertigarria izan da gaurkoa Laudion. Ugari izan da harrituta geratu den jendea patinatzaileak pasatzean, ez baita batere ohikoa gaur herrian izan dugun argazkia, ez horixe!